Goi tentsioa, argitasunik gabeko kezka
Deikaztelu eta Ezkio Itsaso bitarteko goi tentsioko argindar linearen eraikuntza errefusatu dute hainbat herritarrek Goierrin. Egitasmoak aurrera jarraitzen du. (Gipuzkoako Hitzan 2013-7-12an argitaratutako erreportajea; Aimar Maiz. Mutiloa).
Eguzkitsu eta baketsu dago Mutiloako plaza (Gipuzkoa). San Pedro jaietako sagardo dastaketarako prestatzen ari dira herritarrak. Sagardoaren txinpartak jendetza erakarri aurretik, hiru goierritar goi tentsioko argindar linearen txinpartez ari dira plazan, kezkatuta. REE Red Electrica de España enpresaren egitasmoa gauzatzen bada, Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutatik igaroko den 400.000 volteko Deikaztelu-Itsaso lineak benetako buruko mina sortzeko arriskua dago.
Aurrera darama REEk Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea eraikitzeko asmoa. Proiektuari helegiteak jartzeko epea uztailaren 19an bukatuko da, eta ordurako 10.000 alegazio bildu nahi ditu Autopista Elektrikorik Ez plataformak. «Orain arte [ekainak 28] alegazio dezente jaso ditugu. Soilik Mutiloan hirurehun bat egongo dira. Herri galdeketan bozkatzera etorri ziren guztiei eskatu zitzaien sinatzeko», esan du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak.
Osasun arloan, ingurumenean, paisaian nahiz turismo zein nekazaritza arloko jarduera ekonomikoetan kaltea sortuko du goi tentsioko lineak, plataformaren arabera. 127 kilometro luze izango litzateke, eta 35 udalerriri eragingo lieke; zenbaitetan herrigunetik gutxieneko tartea baino gertuago igaroko litzateke. 35 horietatik sei daude Gipuzkoan: Idiazabal, Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiria.
Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak «azkenera arte» borrokatzeko asmotan dira. Proiektua geratzeko itxaropena gero eta murritzagoa dela aitortu dute. 172 alkatek linearen aurkako agiriak sinatu eta proiektua geratzeko eskatu arren, Espainiako Gobernuak du azken hitza. Ekainean Jose Manuel Soria Industria ministroak «ingurumen eskakizun guztiak» betetzea eskatuko duela zehaztu zuen. Aurka daudenek uste dute proiektua ez dela behar. «Azkenean enpresa pribatu batek bere plangintza estrategikoan duen proiektu bat da. Baina, horretarako, ondare natural bat behar du, denona den ondare bat. Dirua irabazteko eta helburuak lortzeko, gure paisaiarekin eta ondarearekin jokatuko du. Nahikoa da», dio Gema Palmas mutiloarrak. Ingurumen eraginaren azterketa erakunde publiko batek egiteko ere eskatu du, eta ez enpresak berak, «proiektua inpartziala izateko».
Askotariko kalteak ikusten dizkiote herritarrek goi tentsioko lineari. «Lehendabiziko kezka osasunarengan eragin ditzakeen kalteek sortzen digute. Ez dago ezer frogatuta oraindik, baina aterako dira datuak Mutiloan eta Zerainen minbizi kasuek gora egin dutela », dio Itxaro Alustiza Zeraingo zinegotziak.
Garapen ekonomikoa,kolokan
Azpiegitura eraikitzeko, bideak ireki beharko dituzte mendi eta basoetan, eta paisaia ikuspegiaren galera ekarriko dute linearen 258 dorreek eta lineak azpian hartuko duen 50 metro zabaleko korridoreak. «Turistikoki Goierri berdea, bidegorriak eta halakoak bultzatzen ari gara, eta gero industria instalazio hori egin nahi dute. Bateraezinak dira», salatu du Palmasek. Landa eremuko eskualdeen eta herrien garapen ekonomikoa mugatuko lukeela iritzi diote.
2010ean bertan behera geratu zen Muru Artederreta (Nafarroa) eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea, «presio sozialagatik eta ingurumen kalteengatik», Espainiako Gobernuak berak aitortu zuenez. Deikaztelu-Ezkio Itsaso da haren «alternatiba». Ezkio-Itsasoko azpiestaziotik Gueñesera (Bizkaia) luzatzeko asmoa du REEk 400.000 volteko norabide bikoitzeko linea, handik itsaso azpiko kableetan Frantziara garraiatzeko. «Negozioa egiteko azpiegitura da», Ugalderen arabera. Autopista Elektrikorik Ez taldekoek garbi dute goi tentsioa ez dutela nahi «ez hemen, eta ez beste inon».
Herritarrak, aurka
Linea igaroko litzatekeen Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait herritan galdeketa egin zuten ekainaren 16an, herrietako batzordeek antolatuta. 3.248 lagunek bozkatu zuten —erroldaren %63k—, eta 3.228k (boto-emaileen %99,32k) proiektua baztertu zuten. Emaitzak REEri eta Espainiako Gobernuari bidali dizkiote, baina erantzunik ez dute jaso.
Geratzen den argi izpia gizartearen indarrean jarrita daukate. Udalez gaindiko erakundeetatik ez dute espero eta eskatu zuten babesik jaso. «Ahaztuta gaude», dio Palmasek. «Daukagun itxaropena da herritar asko orain ari direla jabetzen etor daitekeenaz; orain konturatu dira proiektua zein motatakoa den. Lehenengo pausoa proiektua ezagutzea da. Orain arte ia-ia ez genekien ezer, ez nondik nora joango zen, ez dorreak nolakoak eta zer neurrikoak diren, zenbat pista izango ziren… Jendea kezkatu egin da, eta nahiko larri etorri zen galdeketan bozkatzera. Itxaropena, nik behintzat, badaukat».
Kronologia
-
2010-11-12.Muru Artederreta eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea bertan behera geratu zen.
-
2011-02-24.Gueñes-Ezkio Itsaso linea eraikitzeko baimena eskatu zuen REEk.
-
2011-08-03.Deikaztelu-Ezkio Itsaso proiektua udaletara iritsi zen.
-
2011-09-17.Aurkako plataforma sortu zuten bostehun bat hautetsik,Berriozarren.
-
2011ko azaroa-2012ko maiatza. Proiektuaren aurka mozioak onartu ziren 216 udaletan.
-
2012ko apirila. Espainiako Gobernuak etenaldian utzi zuen proiektua,eta «aurreikuspen
ekonomiko berrietara egokitutako plana» eskatu zion REEri.
-
2012-05-31.Gobernuak esan zuen egitasmoa ez zegoela geldi.
-
2012-07-04.REEren plan energetiko berrian Deikaztelu- Ezkio Itsaso linea ageri zen.
-
2012-10-06.Ordiziatik Beasainera manifestazioa egin zen.
-
2012-12-09.Gueñes-Ezkio Itsaso eraikitzeko baimena jaso zuen REEk,prentsaren arabera.
-
2012-12-16.Altsasuko Adierazpena sinatu zuten 416 lagunek.
-
2013-03-07.Itzalaldia eta lapiko jotzea herrietan.
-
2013-05-11.Aurkako agiria sinatu zuten 172 alkatek.
-
2013-06-16.Herri galdeketak egin ziren 39 udalerritan.
-
2013-07-19.Helegiteak aurkezteko epea bukatuko da.