Plaza pareko kale zatia oinezkoentzat bihurtzea proposatu du Zaldibiako Udalak
Zaldibiako Udalak herriguneko zirkulazioa berrantolatu eta gaur egun autoenak diren hainbat esparru oinezkoentzat «berreskuratzeko» asmoa du. Santa Fe kaleko plaza pare osoko zatia zirkulazioari ixtea proposatu du. «Zazpi urtean kale bat izatetik, hiru kale izatera pasatu da Zaldibia, Artxanberri kalea eta saihesbidea zabaldu zirenetik. Hirurak autoentzat dira, kotxeari eman zaio beti lehentasuna. Oinezkoari lehentasuna eman behar zaiola uste dugu, ohitura batzuk aldatuz», azaldu du Hirigintza zinegotzi Eñaut Hernandezek.
Udalak herritarrei eta zuzenean eragingo liekeen bizilagunei zein dendariei aurkeztu die proposamena. «Irekia da, abiaburua. Ekarpenak jasotzen ari dira, eta aste honetan Hirigintza Batzordeak aztertuko ditugu, planteamendu sakonagoa egiteko». Aurreko astean herri batzarrean 38 herritarren aurrean, eta uztailaren 4an komertzioetako jabeekin egindako bileran jakinarazi zituen udalak xehetasunak.
Aldaketak eta izendapenak
Batetik, mediku-etxe parean giltza bidez jaisten eta igotzen diren zutoinak kokatuko lituzkete, zirkulazioa ixteko eta «inertziaz herrigunetik pasatzen diren auto askoren pasaera oztopatzeko». Mediku-etxetik estanko parera «erabat oinezko gune» izendatuko lukete Santa Fe kalea.
Bestetik, estankotik Marihaundine etxe ingurura kalea bi noranzkoko bihurtuko lukete, pasabidea erregulatzeko bide-buru banatan semaforoak jarrita. Semaforoak «gogaikarri samarrak» liratekeela eta, horien ordez tarteka baztertzeko lekuak jartzea litzateke beste aukera bat, autoek elkarri txanda emateko.
Hirugarren aldaketa nabarmena Artxanberri kalerako proposatu du udalak. Noranzko bakarrekoa ipini —gorantz—, eta errei bat kentzearekin irabazitako tokian aparkalekuak sortu, «horrela erdi gunean galdutako aparkalekuak ordezkatuz».
Aldaketa horiekin «herri gune lasaia» sortu nahi du udalak Zaldibian, Hernandezen hitzetan. Ingurumenean, osasunean eta «bizi filosofia aldaketa» batean ere onurak izango lituzkeela iritzi dio. Hartarako, kotxearekin funtzionatzeko ohitura aldatu beharko dela aurreratu du; «bestela kotxeak gaina hartzen du, eta dena kotxearentzat diseinatzen da».
Kexak eta kezkak
Ohitura aldaketa horietarako, ordea, hainbat «kexa eta beldur» bota dituzte herritarrek bileretan, udalean «espero baino indar gehiagorekin». Batez ere dendarien aldetik, kalea autoentzat ixtea negoziorako kaltegarria izango dela uste dutelako. «Komertzioetakoek diote ez dela beldurra, errealitatea baizik, eragingo dielako. Saihesbideak eta Artxanberri irekitzeak txarrera eragin ziela, eta orain itxiarazi egingo diela diote», laburtu du zinegotziak bileretan esandakoa.
«Gure ikuspegitik, eta inguruko herrietan ikusita, kalea autoari ixteak beste bizi mota bat ematen dio herriguneari. Kotxean pasaeran enkarguak egiteko agian ez, baina kotxea utzi eta enkarguak eginez trago bat hartu edo herrian egoteko filosofian agian bai», dio Hernandezek. Udalaren proposamena, hala ere, irekia eta moldagarria dela gogorarazi du. Hainbat irtenbide gehiago aztertzeko asmoa du udalak; «asteburuetan bakarrik hasi ixten; edo goizez agian irekita mantendu, baserritarrek-eta enkarguak egiteko, eta arratsaldeetan oinezkoen gune izendatu». Helburua, Santa Fe kalearen plaza pareko zatia oinezkoentzat jartzea da, «komertzioetan-eta eragin nahi gabe».
Jasotako iritziekin proposamena sakondutakoan, dendariekin bilera egingo du udalak berriz. Beste herri batzar bat deitzeko aukera ere ez du baztertu.