Ordiziako Udalak Oianguko proiektuaren esleipenaren gaineko ikerketa batzordea osatuko du
Oianguko auziarekin zerikusia edo interesa duten eragileen iritziak jaso eta dagoen informazioarekin kontrastatu asmoz, golf proiektuaren esleipenaren inguruko ikerketa batzordea osatuko du Ordiziako Udalak. Izaro Intsausti zinegotziak gaur goizean Oiangun bertan egindako agerraldian jakinarazi duenez astelehenean hartu zuten batzordea osatzeko erabakia eta irailean jarriko da martxan.
Oianguko auziarekin zerikusia edo interesa duten eragileen iritziak jaso eta dagoen informazioarekin kontrastatu asmoz, golf proiektuaren esleipenaren inguruko ikerketa batzordea osatuko du Ordiziako Udalak. Izaro Intsausti zinegotziak gaur goizean Oiangun bertan egindako agerraldian jakinarazi duenez astelehenean hartu zuten batzordea osatzeko erabakia eta irailean jarriko da martxan.
Udalak Elkargiri egindako abala itzuli beharko diola dioen epaia ezagutu ondoren, Oiangu Bizirik plataformakoek eskatu zuten esleipen horren inguruko informazioa eta abalaren itzulerak sortuko dituen ondorioen ardura nork duen argitzeko. Eskaera horri erantzunez sortu du Udalak ikerketa batzordea.
Ordiziako Udaleko alkate eta zinegotziak Oianguren baserriaren atarian.
Joan zen ekainaren 27ko osoko bilkuran eman zuen Igor Eguren alkateak proiektuaren esleipenerako bere garaian Elkargik eman zuen abalaren itzulketaren berri. Hain justu ere, Ordiziako Udalak 2005. urtean eman zion Ikengu 05 SL enpresari Oianguko aisialdi gunea kudeatzeko kontzesioa. Elkargik 120.000 eurorekin abalatu zuen orduan Ikengu enpresa. 2010ean proiektuak porrot egin eta Elkargik proiektua hartu nahi izan ez zuenez, berme modura jarritako dirua itzultzea eskatu zuen.
Haisera batean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udalak berme hura zertan itzuli ez zuela ebatzi zuen. Elkargik apelazio helegitea aurkeztu ondoren, ordea, Donostiako Administrazio Auzien epaitegiak 2013ko apirilean kaleratu du epaia: Udalak 120.000 euroko bermea itzuli beharko du eta beste 18.000 euro interesei dagokiona. Epaia irmoa da eta ezin da helegiterik jarri.
Eraberritze lanak
Agerraldi berean Oianguren baserriko konpontze lanen berri eman dute udaleko arduradunek. Teilatua egoera txarrean zegoen, itokin nabarmenak zituen, eta konpontzen aritu dira. Iban Asenjo zinegotziak azaldu zuenez, 34.000 euro baino gehiago kostatu da teiluatua konpontzea. Bestalde, parkeko mahai, aulki eta gainerako ondasunak ere berritzen aritu dira ekainean zehear.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.