Zumarragako Legazpi kaleko azpialdean, erreka ondoan, auzotarrak afari batean elkartzen ziren orain urte batzuk. Auzoko jaiak ere antolatu izan zituzten Galeperra elkarteko kuadrilla batek bultzatuta. Baina, ohiturari ez zioten eutsi eta urte askoan ez dira elkartu auzotarrak. Urtarrilean ugazaba berriek hartu zuten Alkartetxe taberna eta jatetxea, eta Maika Leo bertako nagusiak hasiera-hasieratik buruan izan zuen auzoko jaiak berpiztea. Beranduegi zenez, auzotarren afariarekin konformatu dira aurtengoan. Legazpi kaleari Sekundino Esnaola kalea batu diote. Afaria etzi da.
Realaren bigarren taldearen ardura hartu berri du Asier Santana idiazabaldarrak, hainbat urtetan, Sanseko bigarren entrenatzaile moduan aritu eta gero. Realak bai jokalari eta bai entrenatzaile mailan, harrobiaren aldeko apustua egin duela dio, eta ardura handia bada ere, emandako pausoarekin gustura eta ilusioz dagoela azaldu du.
Oianguko auziarekin zerikusia edo interesa duten eragileen iritziak jaso eta dagoen informazioarekin kontrastatu asmoz, golf proiektuaren esleipenaren inguruko ikerketa batzordea osatuko du Ordiziako Udalak. Izaro Intsausti zinegotziak gaur goizean Oiangun bertan egindako agerraldian jakinarazi duenez astelehenean hartu zuten batzordea osatzeko erabakia eta irailean jarriko da martxan.