Erremedio bainuetxearen ingurua auzolanean garbitu dute ataundarrek
Garbitu ederra eman diote sasiak eta landarediak hartuta zeuzkten Erremedio bainuetxe zaharraren tokian dagoen atsedenlekuari. Ataundar talde bat, bederatzi lagunekoa, gaur goizean hiru-bat orduz aritu da, auzolanean, baserri zaharrerako bide bazterrak eta merendalekuko iturria, aska eta mahai-aulkien ingurua garbitzen. “Arrautza ustel” uraren iturriaren jaiolekua ere garbitu dute. Ataunen, gisa horretako lanak egiteko antolatu den taldetxoa jardun da lanean. Historia handiko parajea da Erremedio baserriaren eta bainuetxe izandakoaren tokia. Ataungo Domoaren erdi-erdian kokatua, 600 bat metroko garaieran, gaur egun baserriaren horma erori batzuk besterik ez dira geratzen. Eta iturria. Goierriko Hitza-k Erremediori eta gaurko auzolanari buruzko erreportajea argitaratuko du, papereko edizioan, datorren astean.

Ataungo Erremedio inguruak garbitzen, gaur. /Aimar Maiz