Igor Esnaola segalari legorretarrak lehendabiziko aldiz Euskal Herriko Sega Txapelketaren finalean parte hartuko du. Finala Gasteizko Zabalgana auzoan jokatuko da, gaur 18:00etan hasita. Esnaolarekin batera, Juanjoxe Lizaso, Jon Kanflanka eta Jexuxmari Goenaga ariko dira. Ordubeteko lana osatu beharko dute. Esnaolak lehenengo urtea du Euskal Herriko txapelketa ofizialean. Gipuzkoan ere aurten jo du estreinakoa, eta txapela lortu zuen, ekainean Aian.
Bihar, berriz, Arrate Garinen txanda izango da. Emakumezkoentzat antolatu duten Euskal Herriko aurreneko sega txapelketa Zizurkilgo Areta baserriko belardietan jokatuko da, bihar 12:00etan hasita. Alazne Etxaburua eta Irati Astondoa ariko dira Garinekin batera.

Arrate Garin, 2009an, Gipuzkoako txapela irabazi berritan.

Igor Esnaola, aurtengo ekainean./Aimar Maiz