Azoka ekologikoa egin da, gaur goizean, Urretxun. Nekazaritza ekologikoaren aldeko lana sustatzen ari den Biolur elkarteak antolatuta, hainbat salpostu jarri dituzte Lizeoko kirol kantxan. 14:30ean bukatu da feria. Jatekoak eta landareak jarri dituzte ekoizleek, beti ere ongarri nahiz suspergarri kimikorik gabe ekoitziak, irizpide ekologikoen arabera.
Egin duen udaberri euritsuak eragina izan du, hala, zenbait produktutan. Urretxuko Aikur etxekoen postuan, adibidez, ezti ekoizpenean nabaritu dute jaitsiera. “Aurten hemen inguruko eztirik ez dago batere. Nafarroan bai, atera da. Ea orain, Aizkorriko txilarrarekin eta haritzekin zer ateratzen duten”, azaldu du Aikurreko saltzaile batek.
Orokorrean, jende pilaketarik ez da izan ferian. Jendea “neurrian” ibili dela adierazi dute saltzaileek. “Jende asko-asko ez da ibili, baina etorri dena erostera etorri da. Guretzat ondo, beraz”, zioen salpostu baten atzetik nekazari batek.

Urretxuko azoka ekologikoan, Aikurreko eztia saltzen, gaur goizean./Aimar Maiz