Ordiziar txikiak, festazale handiak
Lehertu da festa Ordizian. Santa Ana jaien aurreko asteburuan, dagoeneko jai usaina besterik ez dago herriguneko kaleetan. Ostegunetik imintzio batzuk eginez aritu ondoren —atzo boxeo jaialdia eta mendeurreneko danborrada izan ziren, adibidez—, gaur bete-betean sartu dira ordiziarrak festa-giroan. Haurrak, batez ere. Txikien Kuadrillen Eguna dute gaur, eta eguerdiko hamabietan puntuan txupina bota dute alkate neska-mutikoek, Igor Eguren alkate ofizialari egun baterako tokia hartuta. Ander Nazabal eta Lide Iraola dira aurtengo alkate txikiak. Urduritasun handirik ez du sentitu Nazabalek, suziriari su eman dionean: “Hasieran bai, urdurdi samar nengoen. Baina gero jada ez”, zioen, kapela luzea buruan eta kapa beltza bizkarrean zituela.
Suziria lehertu orduko, Plaza Nagusiaren eta udaletxearen artean zeuden haur kuadrillak salto batean hasi dira, Burrunbazale txaranga Ordiziarrak gera jotzen hasi den une berean. Indartsu jarraitu dituzte herriko hereserki herrikoiaren hitzak. Ordiziako buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejira abiatu du jarraian, txistulariekin, trikitilariekin eta txarangarekin segizio koloretsua osatuz. Mota, izendapen eta kolore askotako blusek hartu dute herrigune historikoa.
Txikien Kuadrilla Egunean haurrentzat zuzendutako ekitaldiak izango dira gehienak, gaur egunean zehar. 16:15ean Gorritiren eta bere animalien jolasak izango dira, San Bartolomen jarritako plazan. Alebinen eta infantilen IX. Paleta Txapelketaren finalak (16:30, Beti-Alain), buruhandien eta erraldoien beste kalejira bat (18:00), pottoka, bigantxa eta haurrentzat animazioa (19:00, Plaza Nagusian), haurren mozorro dantzaldia (22:00, Beti-Alain), zezen suzkoa (23:15, Zuhaiztian), eta disko festa (23:30-02:00, Domingo Unanue plazan) daude iragarrita gaurko egitarauan.






















