Hezkuntza erreforma eta presoen eskubideak aztergai oporren aurreko osoko bilkuran Ordizian
Jaiak direla-eta, astebete lehenago egin dute Ordizian osoko bilkura. Joan den ostegunean izan zen, hain zuzen, uztaileko ohiko plenoa eta hainbat gai izan zituzten aztergai. Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Erreformari buruz Bilduk aurkeztutako mozioa aurrera atera zen Bildu eta EAJren babesarekin, PSEk aurkako botoa eman zuen. Bilduk hezkuntza komunitateari “bere bidea” egiten utzi behar zaiola defendatu zuen eta Espainiako Gobernuaren erreformarekin “eredu propio eta publikoa zapaltzen” dela salatu. Gasteizko Gobernuari erreforma berria ez dezala EAEn aplikatu eskatu zion Belen Maiza zinegotziak. Jose Miguel Santamaria EAJko zinegotziak gisa honetako aldaketekin hezkuntza sistemak ez duela “hobetzeko aukerarik” esan zuen eta sistemak “kalitatea” beharrezko duela aldarrikatu zuen. PSEko zinegotziak guraso, ikasle eta irakasleak aintzakotzat ez hartu izana salatu zuen eta legea “diskriminatzailea” dela salatu zuen. Mozioari ezezkoa eman zion Iñaki Dubreuilek Bilduk aldarrikatutako hezkuntza euskaldun eta propioaren filosofiarekin ados ez dagoelako.
Hirugarren puntuan aztertu zen “Giza Eskubideak, Irtenbidea, Bakea, Euskal Presoak Euskal Herrira” Bilduk aurkeztutako mozioa. Udalak presoen eskubideen defentsan hainbat neurri hartzeko proposamena egin zuen Bilduk eta bere alkate eta zinegotzien babesarekin atera zen aurrera. Aipatutako neurrien artean daude herriko presoen egoeraren gaineko udal dossierra osatzea; dossier hori Instituciones Penitenciarias-era, espetxe zaintzako epaileari, justizia ministerioetara eta Estrasburgoko giza eskubideen batzordeari igortzea; herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea; herriko presoei udal erabakiez informatzea; hilabeteko azken ostiraletako elkarretaratzea udalaren izenean deitzea; eta, Euskal Herritik kanpo dauden presoak bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea, beste hainbat neurriren artean.
Mahai gainean utzi zuten Goierri Ekimena S.A.ren 2012ko ekitaldiko memoria, balantzea eta galera eta irabazien kontuak onartzea. Aho batez onartu zuten, bestalde, UPABI-12 HIEko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioetako elementuen aldaketa espedientea behin-betiko izaeraz onartzea. Bilduren aldeko botoekin eta EAJ zein PSEren abstentziarekin onartu zen Udalhitz lan-hitzarmena, laboral izaerako udaleko langile, sozietate eta erakunde autonomoei aplikazioa eusteko onartutako dekretua berrestea. PSEren aurkako botoarekin, EAJren abstentzioarekin eta Bilduren babesarekin egin zuen aurrera aurrekontu egonkortasuna lortzeko Ekonomia eta Finantza Planak.
Azkenaurreko puntuan 2013ko inbertsioak finantziatzeko maileguaren kontratazioa eztabaidatu zuten. Udalak 1.130.000 euroko mailegua eskatu beharko du. Herriko bost entitate kontsultatu ondoren, SabadellGuipuzcoanok egin die eskaintzarik onena, behin betikoa ez bada ere. Mailegua itzultzeko baldintzak dira euriborra (hiru hilero errebisatuz) +3,75 puntu.