Zapi ezberdinekin ostuta egin du irudia Izagirrek, eta epaimahaiaren ustez hau izan da lehiaketara aurkeztu diren lan guztien artean onena. 300 euroko saria jaso du zumarragarrak. Irudiarekin Urretxuko jaietan herritarren parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Izagirrek. Berak irabazi zuen hilaren hasieran Zumarragan egiten diren Santa Isabel jaietako egitarauaren azal lehiaketa ere.
Atzo goizaldeko laurak aldera gertatu zela jakinarazi du Segurtasun Sailak, eta gertakariaren unean bertan ziren lekukoek Ertzaintzari azaldu ziotenez, garajeen barnealdetik metal hotsak entzun zituztenean eman zuten abisua. Ertzainek bi gazteak garajearen oinezkoentzako atetik irteten ikusi zituzten, baita eskailera batzuetatik ibai aldera zihoazela ere. Bertan zirela, gazte bat objektu bat gordetzen saiatzen ari zela ikusi zuten ertzainek. Jarraian egiaztatu ahal izan zutenez, lapurreta egiteko erabilitako pikotx bat zen.
'Herriko tabernen auzia' izenez ezagutzen den 35/02 sumarioa dela eta, Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskalak esan du ez legokeela Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro eta Joseba Garmendia berriz epaitzeko arrazoirik. Izan ere, fiskalak azaldu duenez, hiru auzipetuak lehendik ere epaituta daude "talde terroristako kide" izatea leporatuta, eta gauza beragatik ezin direla berriz epaitu azaldu du. Defentsak hirurak aske uzteko eskaera egina du.
Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta hainbat ekintza egiten ari dira Ataunen, uda parte honetan. Horietako bat, Gaua gauekoentzat izeneko ibilaldi mitologikoa egin zuten, hilaren 13an. Haren aurretik, hainbat herritarrek ogia garai bateko eran nola egiten zen erakutsi zuten. Horretarako, Barandiaran museoa hartzen duen Larruntza etxeko eta ondoan dagoen Errotatxoko baliabideak erabili zituzten.
Aurrera doaz Filipina Uharteak kaleko lanak. Kalea goitik behera eraberritzen hasi ziren uztaila hasieran, eta lanak abuztu amaieran bukatuko dituzte ikasturte hasierarako La Salle-Legazpi ikastetxeko sarrera libratzeko. Egunotan, Mendiola eraikuntza enpresako langileak ikastetxearen ondoko espaloia apurtu eta azpialdean ur hornidurarako hoditeria berria sartzen ari dira; kale osoko hoditeria berrituko dute.
Asteburu 'ofizialaren' zain, dagoeneko hasiak dira Ordiziako festak. Asteburuan gaztetxoenek zabaldu dute jaien egitaraua, kuadrilla txikien egunarekin. Udal agintari txikiek bota dute festen hasierako suziria; Ander Nazabal eta Lide Iraola izan dira aurten Igor Eguren alkateari egun baterako tokia eta aginte makila kendu diotenak. Suziria bota ondoren, Ordiziarrak gera abestia kantatu eta kalejiran joan dira koadrilla txikiak, txarangak eta erraldoiek lagunduta. Bi eguneko atsedenaren ondoren, asteazkenetik aurrera jarraituko du jaien egitarauak.