Xarma berezia dario Ataungo Erremedio inguruari. Ataungo Domoaren erdi-erdian dago parajea, 590 metroko garaieran —ia Lizarrustiren pare—. Toki baketsua da, mendiz eta basoz inguratuta, larunbateko giro sargoriarekin ere haizexka freskagarria ibiltzen den parajea. Arratetatik gora, Aitzio baserrietatik aurrerago joanda dago, Agaotz mendiaren (950 metro) babesean. Aurrerago jarraituta, herri jabetzako Aldasparrena aterpera joan liteke, Aralegiko zelaietara eta Intxustiko iturriraino, biran.
Xarma berezia dario Ataungo Erremedio inguruari. Ataungo Domoaren erdi-erdian dago parajea, 590 metroko garaieran —ia Lizarrustiren pare—. Toki baketsua da, mendiz eta basoz inguratuta, larunbateko giro sargoriarekin ere haizexka freskagarria ibiltzen den parajea. Arratetatik gora, Aitzio baserrietatik aurrerago joanda dago, Agaotz mendiaren (950 metro) babesean. Aurrerago jarraituta, herri jabetzako Aldasparrena aterpera joan liteke, Aralegiko zelaietara eta Intxustiko iturriraino, biran.
Egurrezko pare bat mahairekin atsedenlekua atonduta dago. Mendiko ura biltzeko aska bat lizar lodien eta gaztainondoen gerizpean, Erremedio baserri zaharraren horma eroriak, eta beheko sakonean «arrautza ustel» ura ateratzen den iturburua. Horixe da orain Erremedio. Askoz gehiago izan zen antzina, ordea.
Duela hiru-bat urte garbitu zuen Ataungo Udalak parajea. Harrezkero landarediak bere eginda zeukan atzera, eta larunbatean bederatzi laguneko auzolan taldea jardun zen. Hiru-bat orduan, atsedenlekuari, ur sulfurosoaren iturburuari eta haraino iristeko bideei berealdiko garbitua eman zieten, desbrozadoreekin sasi-belarrak moztu, eta aitzurrarekin ur erretenak garbitu. Aska inguru osoa lokaztuta zegoen, ura baltsatuta.
Herrian, gisa horretako lanak egiteko sortu dute, aurten, auzolan taldea. «Jendea bilduz gero lanerako indarra izaten da», zioen 75 urteko Pello Auzmendik, taldeko edadetuenak. Auzotarrak ez ezik, Ataunen luze osoko herritarrak inguratu ziren lanera.
Han zen, besteen artean, Joxe Mari Aizpurua ere. Erremedio baserrian jaioa da, orain 67 urte. «Pena» ematen dio gaur egun etxe izandakoa nola dagoen ikusita. Hiru horma zati besterik ez daude zutik, eta doi-doi antzematen da ataria non zuen ere. «Errentan bizi ginen hemen. Teilatuari eusteko zutabeak jarrita eduki behar izaten genuen etxea, nagusiak ez zuen konpondu nahi eta. Hutsik geratu, eta etxea erortzen uztea bakarrik nahi zuen», dio Aizpurua. Etxetik bera jaitsi zen bailarara lehendabizikoa, 20 urterekin. Gurasoak handik bi urtera joan ziren.
Bizitzeko beharrezkoa, bertan
Aizpuruaren gurasoak Urkiola baserritik joan ziren Erremediora. Ordurako bi ume bazituzten, eta geroz denera hamar haur izan zituzten. Denak Erremedion atera zituzten aurrera —alaba bat hil zen, Joxe Mariren hurrengo senidea—. Parajea gaur baso artean irentsita baldin badago ere, orain 50 urte «garbi-garbi» zegoen ingurua, baita jira osoko mendi-bizkarrak ere. «Garadiak, belartzadiak, pagadiak… ziren hauek denak —esan du Joxe Mari Aizpuruak, Agaotz ingurura begira—. Garia ere ereiten genuen hemen, baita patata eta artoa ere. Bizimodua ateratzeko behar zen dena hemen genuen. Baserrian zazpi-bat behi, ehun ardi, eta oiloak, untxiak eta txerriak geneuzkan». San Martinera jaisteko ordubete inguru behar izaten zuten, «gurdibide» batetik, oinez.
Erremediori entzutea eman diona, hala ere, garai bateko bainuetxea da. Baserriaren alboan zen bainuak hartzeko eraikina, gaur egun mahaiak dauden orubean. «Gure aitak ez zuen ezagutu bainuetxea martxan —orain bost bat urte hil zen aita, 92 urterekin—. Bainu-ontziak ere ba omen ziren. Ni mutiko nintzela, paretak bakarrik zeuden zutik. Donostiako mediku batena zela esaten zuten», dio Aizpuruak.
Iturburua ere hantxe zen orduan, bainuetxearen eta baserriaren ondoan. Duela urte batzuk ur arrunta aurkitzeko zundaketa batzuk egiterakoan, agortu egin zen. Orain beheraxeago, 30 bat metrora, ateratzen da ur sendagarria, hodi batetik.
Pikortak sendatzeko ur ona
Azaleko arazoak-eta sendatzeko aproposa da «arrautza ustel» ura —usain hori daukalako; zaporea ere fuertea du—. «Odola garbitzen du. Udan normal edaten genuen ur hori guk. Uda nahiz negu, beti tenperatura berean ateratzen da ura». Gaur egun oraindik jendea joaten da Erremediora ur sulfurosoa hartzera, bai azala garbitzeko, bai edateko.
Aizpuruak tolosar baten kasua gogoan du. «Tolosako mutil bat zen, dena granoz beteta zegoena. Hemengo ura eraman zioten, horretarako ona zela adituta. Esaten du gaur dela eguna grano bat gehiago atera ez zaiona».
Auzolanean zebiltzan adineko lagunek diotenez, Ataunen ur sulfuroso edo sendatzeko gaitasuna duen uraren iturriak badira gehiago. «San Gregorion, Aldarreta baserrian bada beste iturri bat, arrautza ustel ura ematen duena. Lauztierrekan ere bai, Aitor Begiristain Txiki-ren amaren jaioetxearen kontra», kontatu du Joxe Mari Urdangarinek. Metal ura daritenak askoz gehiago dira, horiez gain.
Auzolanaren ohitura «halabeharrez» indartu da, atzera, Ataunen. Garbiketa, mantentze edo berreskuratze lanak egiteko ekonomikoki estuasunak daudenez, herritarrek hartu dute ekimena. Larunbatean, Erremedion, bederatzi lagun elkartu ziren, Igor Aierbe alkatea tartean.
Taldeko zaharrenak, Pello Lizarraldek, gogoan du «lehen» urtean bi auzolan egin behar izaten zirela Ataunen. Etxe guztietakoek parte hartu behar izaten zuten, udalak eskatutako lanetan. Egun osoko lana izaten zen. Ardoa eta ogia ematen zien, bukatutakoan, udalak. «Horietako juntadizo batean ikusi nuen nik oraindainoko eztabaida politiko handiena. Ataundar batek esaten zuen Errepublikan askoz hobeto bizi ginela; beste batek ezetz». Frankismoaren lehen urteak ziren, 1940ko hamarkada.
Joxe Mari Urdangarin eta Pello Auzmendi, “arrautza ustel” ura darion iturriaren alboan./Aimar Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.