Ertzaintzak 66 urteko Urretxuko gizonezko bat erreskatatu du gaur goizean Aralarren (Amezketa, Gipuzkoa). Istripua izan du gizonezkoak, eta lesioen ondorioz oinez ibiltzeko zituen zailtasunak tarteko, larrialdi zerbitzuetara deitu du. Larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak gizonezkoa zegoen lekura iritsi ezinik geratu da, eta elikopteroz erreskatatu behar izan dute urretxuarra. Zauritua Donostia ospitalera eraman dute.
Luis Orduña (Barañain, Nafarroa, 1980) Zumarragako Musika Bandaren zuzendari berria da. Lander Zurdok 25 urtean banda zuzendu eta gero, nafarrak lekukoa hartu berri dio. Tuba-jotzailea da Orduña, baina orain hiru urte eszedentzia hartu zuen Gasteizko Musika Bandan, eta zuzendari prestakuntzari ekin zion. Egun, Zumarragako Bandaz gain Sakanako (Nafarroa) Haize-Berriak banda eta Tolosako Santa Maria Kapera zuzentzen ditu.
Xarma berezia dario Ataungo Erremedio inguruari. Ataungo Domoaren erdi-erdian dago parajea, 590 metroko garaieran —ia Lizarrustiren pare—. Toki baketsua da, mendiz eta basoz inguratuta, larunbateko giro sargoriarekin ere haizexka freskagarria ibiltzen den parajea. Arratetatik gora, Aitzio baserrietatik aurrerago joanda dago, Agaotz mendiaren (950 metro) babesean. Aurrerago jarraituta, herri jabetzako Aldasparrena aterpera joan liteke, Aralegiko zelaietara eta Intxustiko iturriraino, biran.