Minutuko isilunea egin dute lasterketa abiatu aurretik.
Goizeko hamarretan ekin diote txirrindulariek XC. Ordiziako Klasikoko ibilbideari. Bederatzietatik aurrera Barandiara Plazan banan bana sinatu dute talde guztietako kideek, ondoren irteera puntuan kokatzeko. Oraindik erretiratu gabe zeuden parranda zalek umore puntua jarri diote hasierako ekitaldiari. Jose Luis Sanz probaren antolatzaileari omenaldia eskaini diote irteera puntuan, baita, orain gutxi hil zen Rufino Murgia Euskalteleko masajistaren senitartekoei ere.
Euskaltel eta Movistar izango dira probako bi talde indartsuenak. Euskaltelekin Mikel Nieve txirrindularia atera da, garaipena lortzen ahaleginduko da. Hala ere, lehia ziurtatuta egongo da gaur Ordizian WorldTourreko hainbat talde bait daude bertan: Cannondale, Katusha, Orica edo Cofidis, kasu. Proban hamabi talde espero baziren ere, irteera puntuan Lokosphinx talde errusiarrekoak ez dira agertu.
165,7 km ditu itzuli osoak. Ohikoa den gisan hiru bira emango dizkiote Abaltzisketako gainetik pasatzen den ibilbideari, eta beste bi lehenbizi Atzotik eta ondoren, berriro ere, Abaltzisketatik pasatzen denari. Bi gainak hirugarren mailakoak dira eta azkena helmugatik soilik 10,6 kilometrotara pasako dute.