«Bertso udalekuen helburua bertsolariok elkar ezagutzea da»
2013a urte oparoa izaten ari da Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995) bertsolari urretxuarrarentzat. Ekaina hasieran Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta handik aste batzuetara Euskal Herrikoan txapeldunorde izan zen, Gema Urteaga beasaindarraren atzetik. Hori guztia ospatzeko, udalekuetara joan da. Bertso udalekuetara, noski. Udaleku hauetan, bertsolari gazte asko elkartzen da urtero. Helburua Euskal Herriko bertsolari gazteek elkar ezagutzea da
Zer dira bertso udalekuak?
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu eta bertso eskoletako ikasleok lehentasuna dugu, baina gainontzekoek ere parte har dezakete. Ez dakit noiztik antolatzen diren, baina ni azken bi urteotan joan naiz. Zaharrenak, 15 eta 18 urte bitartekoak, Bidarrain egon gara. Txikienak Oriora, Irañetara, Arrazolara… joan dira.
Zer egiten duzue bertso udalekuetan?
Bertso udalekuetan baloreekin lotutako ekintzak egiten ditugu. Egun batean Erronkaren Eguna egin dugu, beste batean Harreman Eguna… Kontua baloreak lantzea da. Baina bertsolaritza ere jorratu dugu, noski, eta rafting eta antzerako kirolak ere egin ditugu.
Zein da udaleku hauen helburua?
Helburuetako bat Euskal Herriko bertsolari gazteok elkar ezagutzea da. Aurten, 15 eta 18 urte bitarteko taldea 42 lagunek osatu dugu.
Herrialde guztietako bertsolariek parte hartu al duzue?
Helburua herrialde guztietako bertsolariek parte hartzea da, baina aurten lapurtarrak, bizkaitarrak, arabarrak eta gipuzkoarrak bakarrik egon gara.
Elkar ezagutzen al zenuten?
Batzuk finaletan elkarrekin aritutakoak gara. Beste batzuk, berriz, iazko udalekuetan ezagutu nituen. 42tik 30 batek iazko udalekuetan ere parte hartu genuen.
Zenbat goierritar egon zarete?
Nik dakidala, Maialen Akizu eta biok bakarrik. Iaz Gabiriako eta Zeraingo jendea ere egon zen.
Udalekuek bere helburua betetzen al dute?
Bai. Udaleku hauek ez dira gainontzekoak bezala. Guztiok zaletasun bat konpartitzen dugu, gutxienez: bertsolaritza. Horri esker, errazagoa da lagun onak egitea. Gainera, urtean zehar beste hainbat ekitaldi antolatzen ditugu: topaketak, asteburu pasak…