«El Bullin 40 lagunek egiten genuen lana, Ezkion ia nik bakarrik egiten dut»
Josu Landak (Zumarraga, 1980) bere amarekin eman zituen lehen pausoak sukaldean. Mikel anaia ere sukaldaria du eta bere laguntza jaso du. Hamaika jatetxetan lan egin du eta egun Ezkioko Argindegi ostatuko buru da.
Nolatan sukaldari?
Familia kontua da. Zumarragako Unanue tabernakoak nire senitartekoak dira. Taberna honek ospe handia zuen herrian eta igande eguerditan bertara joatea ohitura zen, baina uholde batzuen ondoren itxi egin zuten.
Norekin ikasi zenuen sukaldaritza?
13-14 urterekin hasi nintzen sukaldean muturra sartzen. Lehen pausoak amarekin eman nituen, beraz. 18 urterekin sukaldaritza ikasketak hasi nituen, El txoko del gourmet-Armendarizen. Gainontzeko eskoletan Batxilergo ikasketak eskatzen zituztelako jo nuen bertara.
Nondik nora ibili zara ondoren?
Bergarako Lasan, Roseseko (Girona, Herrialde Katalanak) El Bullin, Tafallako (Nafarroa) Tubalen, Azkoitiko (Gipuzkoa) Iturrin, Idiazabalgo Zepain eta Urretxuko Santa Barbaran lan egin du Ezkiora etorri aurretik.
Zer moduz moldatu zinen El Bulli jatetxe ospetsuan?
Uda bat eman nuen bertan, eta esperientzia oso ona izan zen. Ferran Adria oso ondo portatu zen nirekin. Tipo jatorra da.
Gogorra al da bertan lan egitea?
Diziplina oso handia da. Dena perfekto egin behar da. Ezin da akats bakar bat egin. Bertan lan egitea gogorra izan zen, baina asko ikasi nuen, eta lana aurkitzeko orduan asko lagundu dit curriculumean El Bullin lan egin nuela jartzeak .
Zein da El Bullitik Argindegira dagoen alde handiena?
Hemen oso zaila da han egiten genuena egitea. Han 40 lagunek 40 afari prestatzen genituen eta Ezkion ia nik bakarrik prestatzen ditut afari horiek guztiak. Dena den, niri beste sukaldaritza mota bat gustatzen zait, tradizionalagoa.
Zeintzuk dira zure sukaldari kuttunak?
Hilario Arbelaitz gustatzen zait gehien. Zumarragako Kabia jatetxeko Juanma Hurtado ere asko gustatzen zait. Nire ustez, Gipuzkoa mailan erreferentea da.
Mikel anaia ere sukaldaria duzu.
Hala da. Cadizko (Espainia) Sotogrande golf zelaian lan egiten du. Berak aholkatu zidan non egin sukaldaritza ikasketak eta Tafallako Tubal jatetxeko ateak ireki zizkidan. Berak hango lana utzi zuenean hartu nuen nik.
Zer diozu Argindegin egiten duzuen lanaz?
Salda, txorixoa, bakailaoa eta txuleta ez dira sekula falta. Goierriko jendea eta Igartubeitiko bisitariak etortzen dira batez ere. Udako oporren ondoren asteburuko menu bereziak eskaini nahi ditugu.
Ezkion luzaroan jarraitzeko asmoa al daukazu?
Bai. Ezkiotarrekin oso gustura gaude eta eurak ere bai gurekin. Veronica Perez neskalagunak, Aitziber eta Marieta zerbitzariek eta Iker sukaldariak lan egiten dute nirekin.