Goierriko planak
Goierrira gero eta turista gehiago etortzen dira, batez ere, naturak eta gastronomiak erakarrita. Goierriko baliabide turistikoek esperientzia ugari eskaintzen dituzte, kanpotik datozenentzat, nahiz bertakoentzat. Denetariko eskaintza dago Goierrin: landaetxeak, aterpetxeak, kanpina, hotelak… Turismo bulegoek eta eskualdeko garapen agentziek eskaintza zabala prestatu dute.
Legazpiko kanpina
Jende askok ez badaki ere, Goierrin kanpin bat dago. Legazpin, hain zuzen ere. Lakiola Beheko baserriko Oskar Quintanilla eta Marina Borrajo senar-emazteek ireki zuten duela bost urte. Legazpikoa EAEko lehen mendiko kanpina izan zen. Halakoek ezin dute 750 metro koadro baino gehiago izan, eta asko jota 20 partzela eduki behar dituzte. «Halako kanpinek diru gutxi ematen dute, baina bizimodu hau oso gustuko dugu».
Euren kanpina txikia den arren, handien zerbitzu berberak eskaintzen dituzte. Komunaz eta egongelaz gain, bungalow bat dute. Gainera, tratua gertukoa da. «Ez dugu harrera gelarik, tabernarik edo igerilekurik, baina bezeroei jana eta edana eskaintzen dizkiegu. Gure etxean jendeak landetxe batean bezala bizitzeko aukera du: ganadua ikusi, nola lan egiten dugun ikusi, naturaz gozatu, mendian ibili, bizikletan ibili…».
Kanpin hau udan bakarrik irekitzen dute, eta iaz 40 bat talde hartu zituen. «Atzerritarrak etortzen dira batez ere: kataluniarrak, frantziarrak, poloniarrak, italiarrak, txekiarrak, alemaniarrak eta suitzarrak izan ditugu, besteak beste. Baita australiarrak ere! Askok Internet bidez izaten dute gure berri».
Jendea euren kanpinean oso gustura egoten dela diote. «Hemen ez dugu Wi-fi, telebista edo igerilekurik, baina toki lasaia da eta turistei asko gustatzen zaie. Asko gau bakarra pasatzeko asmoz etortzen dira eta bizpahiru egun gelditzen dira, baina beste askok ederki asko dakite nora datozen».
Basque Highlands
Aurten, berrikuntza bat Goierri ezagutzera datozenentzat: Gipuzkoako Parketxe Sareak familientzat eskaintzen duen Basque Highlands. Abuztuaren 5etik 9ra, Aralar Parke Naturala, Ataun, Ordizia, Ezkio-Itsaso, Segura eta Zegama gertuagotik ezatutzeko aukera izango da. «Aukera paregabea da Goierriko txoko polit hauek familian ezagutzeko. Jarduerak mota askotarikoak izango dira: mendi ibilaldiak, gaztandegi eta azoka esate baterako» (3 kideko familia: 295 euro; 4 kideko familia: 345 euro). Aurrez izena ematea ezinbestekoa da 943 18 03 35 – 943 67 02 49 telefono-zenbakietara deituz edo barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net posta elektronikoaren bitartez. Lizarrustiko parketxean afaldu eta lo egiteko aukera ere badago (3 kideko familia: 380 euro eta 4 kideko familia: 462 euro).
Euskara ikasleak
Lazkaoko Maipide barnetegiak urte asko daramatza udan ere euskara irakasten. «Garai batean hiru asteko edo hilabete bateko ikastaroak egiten genituen udan ere, baina ikasleen eskaria zen ikastaro motzagoak egitea. Orain ari den jendeak oporretako hamabostaldi bat aprobetxatu nahi izaten du euskara hobetzeko, eta horregatik egiten ditugu trinkoagoak, asteburua ere barne dela», dio Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak.
Garai batean ohikoa izaten zen uztailean 300-400 lagun Lazkaon elkartzea, «ia hemen bakarrik egiten baitziren ikastaroak». Gaur egun, toki askotan antolatzen dira udako ikastaroak eta «normala denez, hona jende gutxiago inguratzen da. Azken urteotan 80-100 ikasle inguru izan ditugu hamabostaldi bakoitzean». Udan zehar, hamabost eguneko sei ikastaro izango dituzte aurten Maizpiden, 90 lagun ingurukoak bakoitza.
Uztaileko lehenengo hamabostaldian atzerritar asko izan dituzte: «Ipar-Amerikar talde bat etorri da, ingelesak, txekiarrak, madrildarrak, kataluniakoak… Jende nahiko heldua izan dugu; bigarrenean, berriz, gazte jende asko». Urdangarinek azpimarratu duenez, oro har, bi ikasle mota izaten dituzte: «euskara ikasten hasi nahi dutenak, beraz, oso maila baxukoak, eta beren maila pixka bat hobetu nahi dutenak. Esan liteke, gainera, udan ikasturtean zehar baino jende gaztexeagoa izaten dugula. Azkenik, ditugun datuak ikusita, agian, irailean HABEko azterketak prestatzeko asmoz etorriko da jendea, eta, seguru asko, urtean zehar izan ohi ditugun ikasleak izango dira».
Maizpiden oso barneratuak dituzte, ikasleak euskara ikasiko badu, euskara eta euskal kultura ezagutu behar dietuela. Horregatik, kultur eskaintza zabala antolatzen dute udako hilabeteetan ere. «Barnetegiak arnasguneak dira euskararentzat, euskaraz ikasi nahi dutenentzat, eta, arnas hori behar bezala emateko, ikasgelako lau hormak baino askoz gehiago behar da. Horregatik, beste modu baten bada ere, badugu oraindik goierritarren beharrik».