Oporrak nahieran
Hainbeste desiratutako oporraldia modu desberdinetan antolatzen du jendeak. Asko etxean bertan geratuko badira ere, oporretarako helburu eta modu desberdinak dituzten goierritarrak ere badaude. Lau adibide besterik ez dira ondorengoak.
Janire Larrañaga eta Naiara Otaegi legazpiarrak Indiara joango dira, eta abuztu osoa han emango dute. Beren ametsetako bidaia egitera doaz. «Indiatik aldatuta etorriko garela badakit; nola ez dakit, baina aldaketa positiboa izango delakoan nago», dio Larrañagak; «nire lagun Naiarak gogoetarako bidaia izango dela dio». Abuztuaren 2an aterako dira eta irailaren 5ean itzuli.
Turismoa egiteko asmoa daukate, baina bidaiari bestelako zentzua eman nahian, kooperante joango dira Calcuttako Teresa Amaren etxera. Bertan hamabost egun egiteko asmoa daukate. Calcultako etxeak hainbat pabilioi ditu: umezurtzena, emakumeena, gizonezkoena, adinekoena… «Autismoa duten haurrekin lan egin nahiko nuke, baina egokitzen zaigun tokian arituko gara; beharbada, pabilioi batetik baino gehiagotik igaroko gara», dio Larrañagak. Dena den, ez dute aurretik ezer prestatu, «jakin badakigu, hara iritsi eta lan egiteko prest zaudela esate hutsarekin nahikoa dela, toki bat egingo digutela, alegia; etxe horrek era horretara funtzionatzen du».
Kooperatzen egongo ez diren bidaiaren beste zatian turismoa egiteko asmoa daukate. «Taj Mahal-a ikusiko dugu, Agratik igaroko gara, Ganges ibaia ikustera joango gara…». Calcutattik gora abiatuko dira New Delhirako bidea hartuta, baina bide horretan geldialdiak egiteko asmoa daukate, «tokiak ikusteko; ez daukagu argi zein toki zehazki, ezta desbideratuko garen».
Ingelesa ikastera
Jende askok aprobetxatzen du uda atzerrira joan eta hizkuntzak ikasteko. Horietako bat da Segurako Maider Gisasola. Bristolen dago, «Ingalaterrako hego mendebaldeko hiri handienetariko batean». Ikasle etxe batean dago. «Zazpi logela dituen etxe bat da eta lurralde ezberdinetako ikasleak gaude bertan: bi korear, bi turkiar, taiwandarra, frantziarra eta ni. Norberak bere logela eta bainugela ditu, baina, guztiok egongela eta sukaldea partekatzen ditugu».
Aurten «bakar-bakarrik» joan da. «Izan ere, aurrez antzeko esperientziaren bat izanda nuen, baina, beti lagunekin edota ezagunekin etortzen nintzen. Oraingo honetan, aldiz, ez, eta uste dut hizkuntza ikastearen aldetik hobe dela, horrela norbere hizkuntza ez erabiltzeko tentazio gutxiago izaten dugu», dio Gisasolak.
Astelehenetik ostiralera izaten ditu ingeleseko eskolak; egunero lau ordu eta erdi goizez eta arratsaldez, ostiraletan izan ezik. «Ostiraletan hiru orduko jardunaldia izaten dugu, goizez bakarrik. Eskolak hiru saio nagusitan banatzen dira: goizeko lehenengo saioan gramatika, hiztegia, ahoskera, entzumena… lantzen ditugu batik bat. Bigarren saioan, batez ere, irakurketa eta hiztegiaren barneraketa, idazlanak…». Arratsaldeetan, astelehenetan eta asteazkenetan idazteko gaitasuna garatzen laguntzen duten eskolak izaten dituzte. «Asteartetan eta ostegunetan, berriz, hautazko ikasgaiak ditugu, hala nola solasaldiak, film ikasketak, ingelesen bizitza eta kultura, literatura ingelesa… nik enpresagintzako ingelesa aukeratu nuen eta bertan, batez ere, enpresa munduko hiztegia landu eta enpresari modura hainbat egoerei nola aurre egiten zaien ikusten dugu zenbait adibideren bidez».
Motorrean Alemaniara
Zaldibiako Jon Luloagak, Jon Furundarenak eta Iñigo Garmendiak motorra izango dute opor laguna. Bi motorretan egingo dute Zaldibiatik Alemaniako Bodenmais herrirainoko bidea. Harako bidean 2.400 kilometro egingo dituzte; itzulerakoan, gutxixeago, beste bide batetik etortzeko asmoan direlako. Zer eguraldi egiten dien, hiru aukera dituzte pentsatuta ibilbiderako.
Egun bakoitzerako etapa desberdinak antolatu dituzte, «eta gutxi gorabehera egunean 5-6 ordu pasako ditugu motoan. Gainontzeko denbora herriak ikusten, jana prestatzen eta garagardoa edaten ariko gara», dio Luloagak. Janaria sukaldatzeko, gas kartutxo batzuk eramango dituzte, su txiki bat elikatzeko.
Bisitan joango dira Alemaniara, Luloagaren lehengusu bat alemaniera ikastera joana da eta. Bisita egitearen aitzakiarekin, bidaia «desberdina» egitea otu zaie. Bidaia bera ere abentura izango dute. «Kanpinetan edo kanpaleku libreetan lo egingo dugu. Guk nahi dugun adina luzatu genezake horrela bidaia», diote zaldibiarrek.
Bodenmaisen «hiru-bat eguneko» egonaldia egiteko asmoan doaz. «Ipurdiko minaren arabera» gehiago luza dezakete txangoa. «Txekiako mugatik oso gertu dagoenez, agian Praga hiribururaino joango gara». Lehendabiziko aldia dute halako bidaia luzea motorrean egingo dutena.
Etxe trukaketa
Segurako Ekhi Albizu eta Lazkaoko Nagore Sanchok etxe truke sistema erabili izan dute oporretarako. Iazko udan egin zuten lehen etxe trukea. Lankide batek komentatu zien ideia. «Hasieran ez zitzaigun oso ideia erakargarria iruditu, ezezagun bat gure etxera… gu ezezaguna baten etxera… Baina kontuari buelta batzuk eman ondoren pentsatu genuen, zergatik ez».
Interneten, www.homeforhome.com webgunean izena eman eta fitxa bat sortu zuten: «Zure datuak jarri, zure etxeko argazkiak, aurkezpen txiki bat…». Elkartrukeak zehazteko bilatzailearekin, «zuk nahi duzun ingurua, etxea aukeratu eta zuzenean etxeko jabeari eskaera bat bidaltzeko aukera daukazu. Eta bilatzaile horren bitartez zure etxera iritsi daiteke norbait eta zuri eskaera bidali», zehaztu dute.
Behin kontaktua eginda dagoenean «detaileak zehaztu behar dira: datak, giltza trukaketak». Trukerako «etxea prestatu behar izaten da, eta horrek lan pixka bat ematen du: garbiketak, armarioen bat hustu…».
Bi etxe truke egin dituzte segurarrek. Iazko udan Gironako Pirinioetan izan ziren eta aurtengo Aste Santuko oporretan Bartzelona ondoko kostaldeko herri batean. Oporraldiaren ondoren esperientzia baloratzeko aukera egoten dela azpimarratu dute, «eta norberaren etxea edo aparkalekua ongi baloratzen badute, gero aukera gehiago sortzen dira».
Etxe trukaketarekin izandako esperientziak «oso onak eta aberasgarriak izan dira; harreman oso onak izan ditugu bi kasutan beste etxeko jabeekin». Abantailak ikusten dizkiete opor mota horri: «Abantaila nagusia ezer ordaindu behar ez izatearena da, baina beste asko ere baditu: jende berria ezagutzea, sortzen diren harremanak, oporretako leku berriak ezagutzea. Azken finean, dena ez dela saldu, erosi edo alokatu behar; modu polita iruditzen zaigu leku berriak ezagutu eta oporretara joateko».
Etxea ezezagunei uzteak sortzen duen kezkaren inguruan, zera diote: «Egia da zer pentsatu pixka bat ematen duela hasieran, baina honelako esperientzietan sartzen den jendea, nik esango nuke, ia-ia denak, intentzio onarekin sartzen garela, zure etxea ondo zaintzea nahi baduzu zuk besteena ere ondo zaindu behar duzulako».