Andramendi ikastolak DBH eskatzeko festa egingo du etzi
Andramendi Ikastolak DBH emateko aukera jarri nahi du 2014-2015 ikasturtetik aurrera. Asmo hau herritarrei azaltzeko eta Eusko Jaurlaritzaren onespena eskatzeko, ostegun arratsalderako festa antolatu dute.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira ekintzak. Eraginez lokalean bilduko dira lehenik ikastolakideak. Bertan bilera informatibo bat egingo dute eta okasiorako prestatu duten DBH: oinez 77 urrats dokumentala ikusiko dute. Tere Irastortza Andramendi ikastolako zuzendariak ez du zehaztasunik eman nahi izan dokumentalean agertuko denaz, “komunikabideei baina lehenago ikastolakideei erakutsi” nahi baitiete.
Hau amaitutakoan, 18:30 aldera, kalejira egingo dute ikastolatik Arana kalera, zinema aretoaren pareraino. Behin hara iritsitakoan, Aitor Sarriegik ikastolako bi ikaslerekin batera agurra egingo diete bertaratuei. Agurra egingo diete, baita ere, Ostadar dantza-taldeko dantzariek. Ondoren, ikastolako ikasle ohiek aurkezpen txiki bat egingo dute, eta baita Andramendiko lehendakariak ere. Segidan, Aitor Furundarena musikariak Andramendi ikastolaren aro berrirako sortutako abesti berria abestuko dute ikasleek eta ikasle ohiek, denek batera, eta abestiarekin batera egiteko koreografiatxo bat ere egingo dute. Festari amaiera gozoa emateko, txokolate beroa banatuko dute bertaratuen artean.
Osteguneko festaren ostean zintzilikatuko dituzte dokumentala eta abestia sarean.