Kuadrilla arteko herri kirol txapelketa jokatuko da larunbatean Ordizian
Euskal Jaien atarian, herri kirolek ere bere tartetxoa izango dute Ordizian. Emaneurre taldeak antolatuta, hirugarrenez egingo dute herri kirolen txapelketa larunbat honetan. Aurtengo edizioa hainbat aldaketekin dator. Garrantzitsuena ordutegi aldaketarena izango da; arratsaldeko 17:30ean hasiko da txapelketa eta finala iluntzeko 21:00ak inguruan jokatuko da.
Kirol probari dagokionez, aurten ez da ingudearen proba egingo eta horren ordez asto karrera egingo dute. Aizkolarien erakustaldia ere izango da. Bi aizkolarik norgehiagoka egingo dute eta herri kiroletako sailkapen fasean denbora onena egiten duten taldeekin izango dira finalean.
Finalaren ondoren, herri kiroletan parte hartu dutenek eta inguratzen diren guztiek, egun osoan zehar burruntzian erreko duten txerria dastatzeko aukera izango dute. Sagardo kupela ere ez da faltako. Txartelak tabernetan daude salgai 6 euroan.
Emaneurretik azaldu dutenez, dagoeneko 14 kuadrillak eman dute izena herri kirol txapelketarako. Beste lau kuadrilla ere animatu badira ere, antolatzaileek ez zuten modurik ikusten lehiaketan talde gehiago sartzeko. Hortaz Pluying, Emaneurre, Rockus, Sophomores, Tzulo, Km 39, Monolio Pirulak, Bidegora, Enfermeras Asesinas, Bekause, Gauss, Buff, Herrira eta Embiel kuadrillak izango dira txapelketan.