Plataformak sistema mistoaz hitz egingo du bihar arratsaldean
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak udal gobernuak herrian ezarri nahi duen hondakinen bilketa mistoaz duen iritzia emateko agerraldia egingo du bihar arratsaldean. Hitzordua Latxartegi aretoan egin dute, 19:00etan.
Bi izango dira biharko agerraldiaren ardatzak, Koldobike Olabide plataformako kideak azaldu duenez. Batetik, udalak Sasietako txostena aurkezterako orduan egin zuen «akatsa» aztertuko dute. Uztailaren 24an egin zen azkeneko osoko bilkuraren aurretik alkateak aitortu zuenez, Sasietak aurkeztu beharreko txostenaren zirriborro bat banatu zuten herritarren artean, ohartu gabe. Plataformak zirriborroaren eta balizko txostenaren artean dauden ezberdintasunak aztertuko ditu. Bide batez, prentsa ohar bidez salatu dute, «ikaragarria» dela «garbitasuna eta herritarren gertutasuna ardatz harturik, udal gobernura iritsi diren pertsona hauen jarduera».
Balorazio ekonomikoa
Bestalde, eta Sasietako teknikarien txostenean oinarrituta, «sistema mistoaren proiektuak legazpiarrei ekonomikoki suposatuko dizkien ezberdintasunak» azaleratuko dituzte. Besteak beste, prentsa oharrean zehaztu dutenez, sistema mistoa martxan jartzea, «edukiontzien sistema baino 100.000 euro gehiago» kostatuko zaie legazpiarrei, eta sistema kudeatzeko «140.000 euro gehiago» gastatuko dituzte urtero. Diru publikoa «kudeatu eta zaintzeko ardura dutenen partetik horrela xahutzea sinestezina da» plataformako kideentzat.
Amaitzeko, sistema mistoan parte hartzeko izena emateko epea «abuztuaren 2an amaitu zela» eta oraindik zenbat pertsonek eman duten izena ez dakitela ere salatu dute.