Berria.info- Gure Esku Dago mugimenduaren eta ANC Biltzar Nazional Katalanaren arteko ustezko harremanak ikertzen ari da Espainiako Barne Ministerioa, El Periódico de Cataluña egunkariak argitara eman duen informazioaren arabera. Egunkari horrek Espainiako Poliziak landutako txostena eskuratu du, eta bertan jasotzen denez, Espainiako Poliziak ondorioztatu du lotura badagoela Gure Esku Dago eta Biltzar Nazional Katalanaren artean. Poliziak dio «antzekotasunak» daudela Kataluniako eta Euskal Herriko bi mugimenduen artean, eta ezker abertzalea Biltzar Nazional Katalanaren sustatzaileetako bat dela.
Berria.info- Gure Esku Dago mugimenduaren eta ANC Biltzar Nazional Katalanaren arteko ustezko harremanak ikertzen ari da Espainiako Barne Ministerioa,
El Periódico de Cataluña egunkariak argitara eman duen informazioaren arabera. Egunkari horrek Espainiako Poliziak landutako txostena eskuratu du, eta bertan jasotzen denez, Espainiako Poliziak ondorioztatu du lotura badagoela Gure Esku Dago eta Biltzar Nazional Katalanaren artean. Poliziak dio «antzekotasunak» daudela Kataluniako eta Euskal Herriko bi mugimenduen artean, eta ezker abertzalea Biltzar Nazional Katalanaren sustatzaileetako bat dela.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak dira Gure Esku Dago eta Biltzar Nazional Katalana. Helburu bera partekatzen dute biek ala biek. Eta horixe da, Poliziaren ustez, bi plataformen arteko lotura frogatzen duen elementua. Poliziari bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaio Gure Esku Dago mugimenduaren antolatzaileek Katalunian eta Eskozian erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten duten plataformako kideekin harremanak izatea, bai eta herrialde horietan antolatu dituzten hainbat ekitalditan parte hartzea ere. Hala, Poliziak nabarmendu du Gure Esku Dago mugimenduko ordezkariek parte hartuko dutela Biltzar Nazional Katalanak hilaren 11n erabakitzeko eskubidearen alde egingo duen giza katean.
Joan den ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago mugimendua, Irungo Ficoban. Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duen plataforma gisa aurkeztu zuten orduan. Hala ere, Euskal Herrian aritzeaz gain, antolatzaileek esan zuten erabakitzeko eskubide horren aldeko sarea osatuko dutela Flandria, Eskozia eta Kataluniarekin batera. Hainbat ekitaldi egingo dituztela iragarri zuten orduan; tartean, Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko topaketa bat 2014ko udazkenean, eta Durango eta Iruñea lotuko dituen giza kate bat urte bereko ekainean.
Horixe da, Barne Ministerioak esku artean duen polizia txostenaren arabera, Euskal Herriko eta Kataluniako herri mugimenduen arteko lotura dagoela erakusten duen froga bat. Txostenak nabarmendu du, halaber, Gure Esku Dago-ren helburuen artean dagoela Kataluniako talde independentistekin harremanak sendotzea eta haien ekinaldien aldeko babes talde bat eratzea.
Gure Esku Dago plataformaren eta ezker abertzalearen arteko harremanak ere ikertzen ari da Polizia. Izan ere, txostenak nabarmendu du talde horren koordinatzaileetako bat Sortuko kide Ibon Arbulu dela, eta Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituela.