Martxan da Goierriko Hitzaren VIII. udako argazki lehiaketa
Uztailaren amaieratik martxan da zortzigarren urtez Goierriko Hitzak, Beasaingo Fotoetxe argazki dendak eta Sasietak antolatutako Udako Argazki Lehiaketa. Dagoeneko hasi dira erredakziora zenbait harpidedunen argazkiak iristen, eta behin abuztua bukatuta, kamerak hustu, irudiak aukeratu eta bidaltzeko garaia iritsi da. Hitzak, Fotoetxek eta Sasietak zuon, harpidedunon, argazkiak saritzeko asmoa du beste behin, eta ibilian-ibilian, gero eta gehiago zarete lehiaketan parte hartzera animatzen zaretenak.
Argazkiak irailaren 22rako bidali behar dira goierri@hitza.info helbidera, harpidearen izen abizenak, herria, helbidea eta irudiaren azalpen labur batek lagunduta. Horrekin batera harpidedun kodea ere jakinarazi beharko da.
Lehiaketaren ebazpena urriaren 16an izango da, eta guztira hiru atal izango ditu lehiaketak: argazkirik hoberena eta originalena sarituko dira, eta Sasietak beste bat aukeratuko du 2014ra begira argitaratuko duen egutegian publikatzeko.
Oporrak amaituta, munduko txoko eta irudi ezberdinak goierritarrei erakusteko unea da orain, zuen argazkien bidez denetariko uneak, lekuak eta txokoak erakustekoa. Animatu eta parte hartu!
SARIAK
Epaimahaiaren sariak:
- Argazkirik hoberenari saria: Etxeko bi ate (70×190) apaintzeko argazki-oihala. Norberaren argazkia inprimatu eta zuzenean atean eransten da.
- Argazkirik originalenari saria. 100×250 neurrian etxeko horma papereztatzeko argazkia.
- Irakurleek argazkirik gustukoenak hautatzeko aukera izango dute goierri.hitza.eus webgunean. Argazkiak webgunean eta paperean argitaratuko dira.
- Boto gehien jasotzen dituzten sei lehiakideek argazki bana 25×38 zentimetroko neurrian handitzeko aukera izango dute.
- Parte hartzaileak. Goierriko Hitzaren harpidedunentzat.
- Noiz bidali. Argazkiak irailaren 22ra bitartean bidali ahalko dira.
- Nora bidali. goierri@hitza.info helbiera (harpide datuak eta kodeak zehaztu behar dira: izen-abizenak, telefonoa, eta herria). Argazkiari buruzko informazioa zehaztu behar da.
- Epaimahaia. Joxe Mari Telleria eta Lake Oiarbide argazkilariak (Fotoetxeren ordezkari gisa). Sasieta Mankomunitateko epaimahaia Julian Tokerok eta Iñaki Erauskinek osatuko dute.
- Ebazpena. Urriaren 16an jakinaraziko dira irabazleak.