Rogaine orientazio kirol proba jokatuko da larunbatean Aralarren
Gipuzkoako I. Rogaine txapelketa jokatuko da larunbatean Aralarren. Orientazio kirolaren modalitate bat da rogainea, Australian sortua duela 30 bat urte. Denbora tarte mugatu baten barruan, mendian barreiatuta dauden ahalik eta toki zehatz gehienetara iristea da helburua. Estrategia, mendian ibiltzeko ohitura eta orientazio gaitasuna ditu osagai kirol mota honek. Irungo Mendizaleak elkartearen Orientazio Sailak (IMOS) antolatu du proba, Bizibiziki kirol-aisialdi enpresarekin batera. Ataungo Udalak eta Goiturrek babestu dute.
Lizarrustiko parketxetik abiatuko dira lehiakideak, eta sei orduren buruan han bertan azaldu beharko dute. Atzo 110 lagun zeuden izena emanda. Horretarako azkeneko eguna bihar da, kirolprobak.com webgunean. Taldeka egin behar da rogainea, gutxienez bi lagun eta gehienez bosteko multzoan. Adin mugarik ez dago. 9 urteko mutiko bat aterako da, aitarekin; edo 62 urteko mendizale bat. Erritmoa eta ibilbidea norberak aukeratzen ditu rogainean. Hori bai, taldeko guztiek batera ibili behar dute mendian.
Aralarren mapa berezia egin dute
Partaideek mapa bat eta iparrorratza besterik ezingo dute erabili, orientabide gisara. GPSa motxilan eraman dezakete, ondoren etxean inork ibilbidea errepasatu eta jardunaldia aztertu nahiko balu ere. Proban zehar ezin dute erabili, ordea, eta zigilatuta eramango dute.
Aralarren Gipuzkoa parteko mapa antolakuntzak berak landu du neguan eta udaberrian, orientazio probetarako berezia. 1:20.000 eskalan landu dute, zehaztasun handikoa eta orientazio kiroleko ikur bereziekin osatua.
IMOSeko Ibon Goikoetxeak azaldu duenez, balizak edozein zokotan egongo dira. Orientazio zehatzak adina balioko du ibilbide onena aukeratzeak ere. Hasi aurretik, mapa eskuratu eta 15 minutu izango dituzte partaideek estrategia pentsatzeko. Nahi duten ibilbidea eta ordena jarraitu ahalko dute. Itxieratik atzerago iristen direnei puntuak kenduko dizkiete.
Lareo, Enirio, Igaratza eta Putterri inguru osoa hartuko du joko-eremuak, 27 kilometro koadro guztira. Rogaine kirola ezagutu nahi duenarentzat maila herrikoia ere egongo da, «baliza zailenak kenduta». Aurretik ikastarotxo bat emango dute, 09:30etik 10:30era, parketxean, orientazioaren eta kirolaren hastapenak azaltzeko.
Mapan balizak markatuta egongo dira, 50 guztira (herrikoikoek 36). Zailtasunaren arabera, puntu kopuru desberdina emango du baliza bakoitzak, 3 gutxienez, 9 gehienez. Sei ordu edukiko dituzte lehiakideek ahalik puntu gehien biltzeko. Federatuek gehienez 275 puntu lor ditzakete; maila herrikoian, berriz, 176.
Denera 120 lagun espero dituzte. Euskal Herri osoko kirolariak bilduko dira, Iparraldekoak barne. Han tradizioa badu rogaineak. Galizia, Katalunia, Espainia eta Frantziatik ere etorriko dira.
Udalaren aldetik, rogaineari eta udazkenean egin ohi den Euskal Herrian Field Trialari babesa emanda «Aralar eta inguru zoragarriak ezagutzeko aukera paregabea» lantzen dela azaldu du Igor Aierbe alkateak. Ataunek aisirako aukera «asko» duela gogorarazi zuen. Goiturreko Jon Ubidek «kirol eta aisia turismoak» duen erakarmen indarra nabarmendu du, eta halako probak babesten segiko dutela esan du.
Egitaraua
Rogainea larunbatean (irailak 7), Lizarrusti-Aralarren
- 09:00. Harrera eta materialaren kontrolaren hasiera, Lizarrusti parketxean.
- 09:30-10:30. Hastapen ikastaroa, maila herrikoirako.
- 11:00. Rogainearen hasiera.
- 17:00. Rogainearen bukaera.
- 18:30. Sari banaketa. Afaria.