Urretxuko Arzelus farmazia. Miriam Luki
Espainiako Gobernuak sendagaien berrordainketa indarrean jartzea «oso eraso larria» dela ulertuta, pentsiodunen plataformek 16/2012 lege dekretuaren aurkako sinadura bilketari ekin diote. Hain zuzen ere, Duintasuna Elkartea deituriko taldea jarri dute martxan Gipuzkoan prentsiodun eta 65 urtetik gorakoen errezetak dohainik izan daitezen aldarrikatzeko.
Errezetak adituek, espezialistek eta profesionalek egiten dituztela eta beraiek dakitela nori egin errezeta bakoitza gogorarazi dute. Izan ere, orain arte errezeta gorriekin jasotzen zituzten 417 sendagai oso osorik ordaintzen dituzte orain. Era berean, osasun zentroetara joan-etorriak, anbulantziak, protesiak edo gurpil-aulkiak ere ordainarazi nahi dietela ere salatu dute.
Guzti hori dela eta, Nafarroako eta EAEko Gobernuei eskatzen diote eska diezaiotela Espainiako Gobernuari beraien esku uzteko Osasun eta Gizarte Segurantza Sistema osoa, «gure Osasun eta Gizarte Babes Sistema propioa egiteko bidearen lehen pauso gisa». Eskaera hori egiteko sinadura bilketa egingo dute irailean zehar Goierrin. Hain zuzen ere, astearteetan Beasainen eta asteazkenetan Ordizian azoka inguruan jarriko dute mahaia goizeko hamarretatik hamabietara. Era berean, Olaberriako Carrefour, Ordiziako Eroski eta anbulategietan ere sinadurak biltzeko puntuak jartzekotan dabiltza.