Gure Esku Dago taldeak euren jarduna «guztiz legezkoa» dela azpimarratu du
Espainiako Barne Ministerioa Gure Esku Dago eta ANC Biltzar Nazional Katalanaren arteko harremana ikertzen ari da eta bi herri mugimenduak ezker abertzalearekin lotu ditu, El Periódico de Cataluña egunkariak argitara eman duen informazioaren arabera. Gure Esku Dago taldeko Anjel Oiarbide idiazabaldarrak euren jarduna «guztiz legezkoa» dela esan du eta poliziaren jazarpena salatu du. Goierrin jaio zen Nazioen Mundua erabakitzeko eskubidearen aldeko taldearen Euskal Herri mailako espresioa da Gure Esku Dago, eta Oiarbide bi taldeen bultzatzaileetako bat da.
Idiazabaldarrak larunbatean izan zuen Espainiako Poliziaren txostenaren berri, albistea aipatutako Kataluniako egunkarian atera zuten egun berean. Albistea «harridura handiarekin» hartu zuela aipatu du. «Egunen batean horrelako zer edo zer gerta zitekeela bagenekien arren, albisteak txunditu egin gaitu».
Izan ere, halakoak normaltzat hartzea akatsa litzatekeela uste du: «Inongo deliturik ez dagoen tokian ikerketa egitea ez da normala. Abokatuak ditugu eta nola erantzun pentsatzen ari gara», aipatu du. Dena den, ez dute halakoetan indarra galtzeko asmorik. «Gure asmoa aurrera egitea da. Hau gobernu espainiarraren filtrazio bat da. Euren helburua Katalunian erabakitzeko eskubidearen alde martxan jarri duten mugimendua oztopatzea da, ezker abertzaleari jarri dioten izen zikinarekin kutsatzea».
Poliziaren txostenak ezker abertzalea ANCren sustatzaileetako bat dela dio, eta Gure Esku Dagorekin duen harremana ere ikertzen ari dira. Txostenak talde horren koordinatzaileetako bat Sortuko kide Ibon Arbulu dela eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak jasotzen dituela nabarmendu du. «Txostenak dioena gezurra da. Gure mugimenduan alderdi ezberdinetako jendea dago, baita PSE-EEkoa ere», erantzun du Oiarbidek.
Idiazabaldarra oso harro dago Gure Esku Dago herri mugimendua egiten ari den lanaz. «Halako dinamikak eraginkorrak izan daitezkeela erakutsi dugu eta hori batzuei ez zaie komeni. Ez dugu liberaturik. Gizartea aktibatu nahi dugun herritar xumeak gara. Orain, sistema oso bat, gobernu bat, guri begira dagoela ikusi dugu».
Honek guztiak lanean jarraitzeko indarra ematen diela gehitu du. «Hau ez da normala. Ez dugu halako gizarterik nahi. Gure nahia gizartea aldatzea da eta honek hori guztiz beharrezkoa dela erakutsi du».
Beste herrialde batzuetan ez direla halakoak gertatzen ere esan du. «Gizarte osasuntsu baten alde lan egiten ari den jendea ezin da jazarri. Zorionez, eredu erakargarriagoak baditugu. Erresuma Batuan ez da halakorik gertatzen. Han gizarteak erabakitzeko eskubidea erabat barneratuta du eta hemen, berriz, jazarpena jasaten ari gara». Oiarbideren ustez, «ez da kasualitatea» Erresuma Batuak jarrera bat izatea eta Espainiak, berriz, erabat kontrakoa. «Hango demokraziak 200 urte ditu. Bi eredu ditugu, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, eta bat aukeratu behar dugu».
Zelatatu dituzten susmoa
Bestalde, Amaiur alderdiak argibideak eskatu dizkio Espainiako Barne Ministerioari. Gainera, alderdi honek Gure Esku Dago eta ANCko kideak zelatatu egin dituztela uste du. Poliziak nortzuk zelatatu dituen eta txostenak jasotzen duen informazioa lortzeko zein bide erabili dituen jakin nahi du. Halaber, Amaiurrek jakin nahi du ea epaile batek agindu ote dituen ustezko jazarpen horiek.
Oiarbidek ere Gure Esku Dago taldeko kideak zelatatu egin dituztela uste du. Horren aurrean, eurena «dinamika publikoa» dela eta ez dutela «batere beldurrik», gaineratu du Oiarbidek.