Berria.info- Irailaren 22an ospatuko dute Irrien Lagunak klubaren eguna, Lazkaon (Gipuzkoa). Baina berezia izango da aurtengo jaia, behar bereziak dituzten haurrekin eta haien familiekin lan egiten duten elkarteei eman baitiete protagonismoa. Jaia aurkeztu dute gaur Donostian, eta ILGE Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea aurkezteko ere baliatu dute. Esparru askotako 22 elkatek osatzen dute, oraingoz, ILGE, baina ateak irekiak dituela erantsi dute. Behar bereziak dituzten pertsonekin lan egiten dute haietako askok.
Gorka Hermosa konpositore eta akordeoi jotzaile urretxuarrak CIA-IMC-UNESCO Composition 2013 saria jaso berri du. Victorian (Kanada) abuztuan egin den Coupe Mundiale d´Acordeon nazioarteko lehiaketan eman diote saria, Paco izeneko bere lanagatik. Urretxuarra ez zen bertan izan, baina «pozik» dago errekonozimenduarekin. Lana Paco de Lucia gitarra jotzaileari omenaldia da, eta epaimahaiak Hermosak akordeoia bezalako musika tresna bat flamenkoarekin uztartzeko egin duen ahalegina baloratu du.
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak 26. ikasturtea gaur hasi du. Irekiera ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu. Ordubeteko bisitan, barnetegia barrutik ezagutu du, Jon Urdangarin zuzendariaren gidaritzapean. Euskaltegiaren historia (apirilean bete ditu 25 urte eraikinak eta erakundeak), azpiegiturak eta zerbitzuak erakutsi dizkio. Ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEren zuzendaria.
Eguraldi onak lagunduta ireki zituzten atzo Antioko Interpretazio Zentroko tabernako eta jatetxeko ateak. Bide batez, zentroko ateak ere zabaldu zizkieten Antiora igo ziren ehunka bizilagunei. Zazpiak aldera Mikel Serrano Zumarragako alkateak hitza hartu zuen. Ordura arte eta ondoren ere, Xamber musika taldearen zuzeneko emanaldia eskaini zuen. Serranok atzo bere poza agertu zuen “jendearen babesagatik” eta gaineratu zuen: “Urteetako ametsa bete da”.
Kirola afizio ez ezik ofizio ere bihurtu du Gema Hernandez urretxuarrak. Zumarragako Ispilla kiroldegian egiten du lan eta hainbat duatloitan eta triatloitan parte hartua da. Iaz, ordea, Ironman proba batean parte hartzea erabaki zuen, eta pasa den asteburuan jokatu du aurrenekoa, Vichyn (Frantzia). Emaitza bikaina lortu du, gainera; izan ere, 35 eta 39 urte arteko emakumeen artean Europako txapeldunorde tituluarekin itzuli da Vichytik.
Euskal Jaiak direla-eta, aurten ere Gozategik kontzetua emango du Ordizian; larunbat gauean izango da Plaza Nagusian 23:00etatik aurrera. Giro berezia sortu izan da aurreko urteetan ere Gozategirekin. Bideo honetan ikusten da iazko Euskal Jaietan Orioko taldea 'Ordiziarrak gera' ereserkia jotzen.