Iraila emankor, oporren ondotik
Uztailean agurtu ginenetik aldatu da produktuen eskaintza, aberastu egin da, eta poliki-poliki, hasi da udazken ukitua hartzen. Aurten iraila feri arrunt batekin hasi da, izan ere, berezia datorren asteazkenekoa izango baita; usadio zaharra aintzat hartuz, irailaren 8tik hurbilen dagoen asteazkenekoa alegia.
Ez dira ekoizleak zain egon eta izan ahala merkaturatu dituzte etxeko mozkinak. Bai fruituetan, bai barazkietan, bada zer aipatua. Sagar eta udareak nagusi fruituetan eta mota ezberdin dezente dagoeneko: Konferentzia, Kardinale, Mantekosa… udaretan; sagarretan berriz Zabale, Hiruskina, Akane, Erreineten erregina, eta bien arteko nahasketetik sortutako nashi delakoa ere hasi da saltzen Idiazabalgo Kalbarioko Amaia, denak ere kiloa 2 eta 3 euro artean eros daitezke. Lehen hurre berriak ekarri ditu Maria Jesus Oriak; lehenbizikoek izan ohi duten heze punttu hori gustoko duenarentzat ale ederrak aukeran, 4 euroan kiloa.
Barazkietan ere aukera aparte dugu. Kostata bada ere, baratzeak normaldu direla esan daiteke. Tomatea, mota askotako piper eta lekak eta urazak daude salduenen artean. Eta zerrendari atzoz geroztik udazken neguko jakiak gehitzeko moduan gaude, hala nola aza, brokolia eta lonbarda, Baliarrango Edurnek ekarri baititu lehenak; buruko 1 eta 1,5 euro artean jarri ditu salgai.
Babarrunei dagokienez, txuri freskoa ( 8 euroan kiloa) duela bi aste ekartzen hasi zen Kontxi Arizaga Zaldibiatik, eta atzo, lehen gorriak ere eskaintzen zituen, 6 euroan, leka eta guzti. Beltza izan ohi da berantiarrena; estimatuena ere bai, eta ondorioz, baita garestiena ere.
Mikologia atala zerbait mugitzen hasi dela esan daiteke; azken asteetako hutsuneari aurre eginez, hemengo onddo, gibelurdin gutxi batzuk eta lehen esnegorriak inguratu ditu Lasak, baita kanpoko zenbait gorringo eta zizahori ere, baina oraindik ezer askorik ez.
Abuztuko azokak
Abuztuko azokei buruz galdetuta berriz, orokorrean baikor agertu dira saltzaileak: «hemengo gutxi baino kanpoko jende asko ibili da, katalanak batez ere, eta horiek gazta oso gustokoa dute, nik urteko feri onenetakoak izaten ditut abuztuan» aitortu du Maria Jesus Garmendia ordiziarrak; haren semeak, Xabier Arsuagak egindako Xoxote gazta saltzen egoten da astero-astero.
Datorren astean ere, gazta izango da azoka bereziaren protagonista nagusietako bat.
- Azokako prezioak