Urkullu lehendakariak zabaldu du Maizpideren ikasturtea
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak 26. ikasturtea gaur hasi du. Irekiera ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu. Ordubeteko bisitan, barnetegia barrutik ezagutu du, Jon Urdangarin zuzendariaren gidaritzapean. Euskaltegiaren historia (apirilean bete ditu 25 urte eraikinak eta erakundeak), azpiegiturak eta zerbitzuak erakutsi dizkio. Ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEren zuzendaria.
Aimar Maiz
Goierri
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak 26. ikasturtea gaur hasi du. Irekiera ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu. Ordubeteko bisitan, barnetegia barrutik ezagutu du, Jon Urdangarin zuzendariaren gidaritzapean. Euskaltegiaren historia (apirilean bete ditu 25 urte eraikinak eta erakundeak), azpiegiturak eta zerbitzuak erakutsi dizkio. Ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEren zuzendaria. Sare publikoko nahiz pribatuko beste euskaltegi batzuetako ordezkariak ere Maizpiden izan dira, Aurten Bai, udal euskaltegietakoak, AEK, Hika, Elkarlan eta Batuz-ekoak.
Urkullu eta Urdangarin Maizpideko ikasgela batean, ikasleekin./Aimar Maiz
Urkulluren esanetan, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetako gobernu egitasmoan “lehentasuna” da. “Aurtengo aurrekontuen egitasmoan lehentasunezko lerroetan jarri dugu helduen euskalduntzea. Lehentasunak jarri ditugu, euskaltegien finantzaketa lehenetsiz eta ikasleentzako diru-laguntzak berreskuratuz”, azaldu du. Hasi berri den ikasturterako jaurlaritzak 31 milioi euroko diru laguntza deialdia egin duela gogorarazi du, HABEk dituen 106 euskaltegi homologatuentzat.
Erdaldun elebakarrei “gonbitea” egin die, euskara ikasteko “urratsa” egin dezaten. “Ez dezatela izan zalantzarik. Pertsona legez aberastuko dira, eta aldi berean ekarpen handia egingo diote gizarteari”. 2012-13 ikasturtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegietan 36.000 ikasle aritu dira, Urkulluren esanetan.
Barnetegia barrutik ezagutzen./Aimar Maiz
Jon Urdangarin zuzendariak gogoratu du Maizpide “herriaren gogotik eta borondatetik” sortu zela. 1960ko hamarkadan jarri zen abian euskalduntze-alfabetatzea Lazkaon. 1975ean antolatu zuten udako lehenengo euskara ikastaroa, eta 1982an neguko lehenbiziko barnetegia. “Herri oso baten ahalegina behar izaten zen 300-400 lagunei eskolak eman, jaten eman eta lotarako lekua aurkitzeko”, esan du Urdangarinek. Maizpide dagoen eraikina 1988ko apirilean ireki zuten.
Maizpide —eraikina bera Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da, 2018ra arte du iraupena hitzarmenak, hamar urtean behin berritzen dena— ikasgeletako “lau hormak baino gehiago” dela gaineratu du Urdangarinek. “Maizpidera inguratzen denak badaki herri oso bat duela atzetik”.
Euskaltegi publiko eta pribatuetako ordezkariak, atalaurrean./Aimar Maiz
Urkulluk “elkarlanerako” deia egin du. “Elkarlanean sinisten dugu, lankidetzan. Maizpide elkarlan eraginkor horren eredua da. Benetan pozgarria zaigu jabetza publikokoa den eraikin honek betetzen duen xedea, erakundeon eta gizarte ekimenaren arteko loturari esker”.
Maizpiden ohitura den bezala, gonbidatuekin taldeko argazkia, euskaltegi aurrean./Aimar Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.