Estandako langileek lanuztea eta elkarretaratzea deitu dituzte gaur, atzoko lan istripua salatzeko
Beasaingo Estanda galdategian atzo izandako lan istripuan lankide bat hil ondoren, protesta eguna izango dute gaur langileek. Jaiotzez ordiziarra eta Tolosan bizi zen Josetxo Garmendia da bizitza galdu duen lankidearen izena; 58 urte zituen eta LAB sindikatuko afiliatua zen. Langile batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egiten ari dira –atzo arratsaldetik hasita–. Horrez gain, eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo dute, lantegiaren aurrean. Arratsaldean berriz, Tolosan –bertan bizi zen Garmendia– egingo dute protesta bilkura, 19:00etan.
Erreakzio ugari
Atzo arratsaldeko lan ezbeharrak erreakzio ugari eragin ditu erakunde eta alderdi politikoen partetik. Beasaingo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute deialdiarekin, eta beraien samina adierazi diete hildakoaren senideei eta gainontzeko langileei. Foru Aldundiak, gainera, dei berezia egin die enpresei, “lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz” bete dezaten.
PSE-EEko udal zinegotziek ere, Alfonso Segadek sinatutako agiriaren bidez, doluminak bidali dizkikie hildakoaren senide eta lankideei. Beasaingo Sortuk eta EH Bildu koalizioak, “prekarietateak hil” egiten duela salatu dute, eta egoerari aurre egiteko “lan baldintza duinak” aldarrikatu dituzte.
Sindikatuei dagokionean, ELAk jakinarazi duenez, Estanda lantegian hil den aurreneko langilea izan da ordiziarra. Hildakoak matxeria atalean egiten zuen lan, eta “makinaren atal bat burura erori eta hark eragindako kolpeak” eragin dio heriotza. CCOO sindikatuarentzat “onartezina” da oraindik ere atzokoa bezalako lan istripiak ez gertarzeko “bitartekorik ez jartzea”, eta Estandan gertatutakoa ikertzeko eskatu dute.