XVI. Igartza saria Mikel Ayllonentzat
Atzo arratsaldean eman zioten XVI. Igartza saria Mikel Ayllon Laudiotarrari (Araba). Ez tiro egin anbulantziei izeneko eleberri proiektua aurkeztu zuen Ayllonek, beste 24 proiekturen artean, eta Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaikideek erabaki dute aurtengo saria bere proiektuarentzat dela. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF lantegiak emandako 6.000 euroko dirusaria lortu du sari honen bidez, 2015erako bere eleberria egiteko.
Laudiotar hau 1980ean jaio zen eta kazetari lanetan aritua da Hala Bedi irratian eta Gararen gazte gehigarrian, besteak beste. Aurrez Gerezi gorrien garaia saiakera ere argitaratu zuen, Euskal Herriko gazte mugimenduari buruz, Paul Asensiorekin batera.
Nobela “garaikidea” izango dela azaldu zuen atzoko sari-banaketan. “Garai baten amaiera” bizitzen ari garela eta nobelak horixe islatzen duela azaldu zuen, “hiru momentutan banatuta”. Momentu horietako bakoitzean, “garai berrian ere presente egongo diren” hiru gai zentral jorratuko ditu: askatasuna, heriotza eta maitasuna. Liburuko lehen pasartea kartzelan kokatzen dela ere azaldu zuen, “askatasun ezik handiena dagoen lekuan”, alegia. Ayllon urte eta erdi pasatakoa da leku horretan duela hamabi urte eta lehen zati honetan pertsonaiek “nahiko egoera gogorrak” biziko dituztela dio. Izenburua ere ez da nolanahi sortutakoa. Anbulantziak denontzat sakratuak direla esan zuen, “azken esperantza”, eta garai txarretan ez dugula burua galdu behar esan nahi du izenburuak, nolabait, ez diogula anbulantziari tiro egin behar.
Saria Koldo Agirre Beasaingo alkateak eman zion, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren, CAFeko euskara saileko Joxe Begiristain eta Garbiñe Zurutuza Beasaingo kultura zinegotzia lagun zituela. Danele Sarriugarte ere atzoko sari-banaketan izan zen, iaz lortutako sariaren bigarren zatia jasotzen.