Itsasondon aurki zabalduko dituzte ludoteka eta gaztelekua
Itsasondoko Udalak aurten ere ludoteka eta gazteleku zerbitzuak abian jarriko ditu. Aurki zabalduko dituzte biak. Ludotekan bost urtetik hamarrera bitarteko haurrak ibiliko dira, eta gaztelekuan 11tik 17ra arteko nerabeak. Gaztelekua ostiraletan irekiko dute, 17:00etatik 20:00etara. Ludoteka, berriz, astelehenetan 17:00etatik 18:30era. Hezitzailea astero han egongo da, 16:00etatik 16:30era, gurasoen zalantzak argitzeko zein informazioa emateko.
Zerbitzuak irekitzearekin batera, jostailuak biltzen ere hasiko dira. Udalak deialdia egin du etxeetara, erabiltzen ez dituzten jostailuak eman ditzaten. Jolas sinbolikoak egiteko jokoak jaso nahi dituzte, ludotekan bertan erabiltzeko: panpinak, aulkitxoak, sukalde jostailuak, dendarienak, arropa zaharrak, eraikuntza piezak… behar dituzte.
Itsasondoko haurrek jostailuak etxera eramateko aukera ere izango dute, mailegu zerbitzu berriaren bidez. Etxean erabili eta atzera itzuli behar dira. Erabilera arduratsua eta jostailuak partekatzea lortu nahi dute. Eskaria ludotekan egin behar da.