Solanari elkartasuna adierazteko martxa antolatu du Herrirak Lugora
Goierri garaiko Herrirak Kepa Solanari elkartasuna adierazteko Lugora martxa antolatu du datorren larunbaterako. Ostiralean «elkarretaratzea, manifestazioa eta afaria» antolatu dituzte Legazpin, presoaren jaioterrian, Aitor Arando Herrirako kideak azaldu duenez. Lugora larunbat goizaldean iristea aurreikusten dute, «Solanaren semeak duen bisita ordurako». Herrirak larunbat honetarako antolatu duen martxa Parot doktrina ezarri dieten Goierri garaiko hiru presoei elkartasuna adierazteko ekimenaren barruan kokatzen da. Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguezi, eta Legazpiko Juani Delgadori eta Solanari berari, «10 urtetan luzatu diete lehendik ezarrita zuten kartzela zigorra», Parot doktrina ezarri eta gero.
Pasa den maiatzean egin zuten lehendabiziko martxa Herrera de la Mancha-ko (Salamanca) kartzelara, Rodriguezi elkartasuna adierazteko. Bigarrena izango da Solanarena, eta aurrerago «Delgadorengana beste martxa bat egitea» aurreikusten dela aurreratu du Arandok.
Alkatearen eskutitza Lugora
Ostegunean, «Barrura begirako leihoak dokumentala eskainiko dugu 19:00etan gaztetxean», azaldu du Arandok. Ostiralean elkarretaratzea dago deituta 20:00etan eta ondoren, «manifestazioa egingo dugu herriko kaleetan zehar». Afaria izango da Lekanazpi elkartean eta «goizaldeko 2:00etan irtengo da Lugorako autobusa Elizondo paretik».
560 kilometroko bidea izango dute aurretik, eta larunbat goizean iritsiko dira Lugoko kartzelara. Autobuserako izena eman daiteke jada, «Karibe Zaharrean, Kukuen, gaztetxean eta Lekanazpi elkartean». Txalapartariek eta dantzariek emanaldia eskainiko dute kartzela kanpoan Solanarentzat. Bestalde, «Legazpiko udalbatzak Parot doktrinaren aurka onartu zuen mozioaren inguruan alkateak idatzitako eskutitza iritsi arazi nahi diogu kartzelako zuzendariari». Bazkalostean ekingo diote etxera bueltako bideari.