Stock azokak egingo dira asteburu honetan Ordizia eta Lazkaon
Ordizian merkatari elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, VI. stock eta kale azoka antolatu du ostiral eta larunbat honetarako. Ekimenaren baitan bi ekintza izango dira: stock gunea Plaza Nagusian eta kale azoka herriko kaleetan. Stock gunea goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara jarriko dute. Guztira 19 dendek hartuko dute parte eta musikaz alaituta egongo da gunea. Herriko kaleetara euren produktuak, berriz, zortzi saltokietakoek aterako dituzte.
Erosketak egiten dituzten bezeroen artean 100 euroko hiru erosketa-txartel zozketatuko dira. Gainera, erosketa bakoitzaren truke bestelako zozketa batzuetan parte hartzeko aukera ere izango da.
Erosketak egiteko aukeraz gain, haurrentzat parkea jarriko da Garagartza Plazan. Ludoteka, puzgarriak, surf mekanikoa, zezen mekanikoa, mahai-futbol puzgarria eta bestelako hainbat ekintza egingo dira.
Larunbatean, Lazkaon
Lazkaon Merkatari Elkarteak “merkataritzaren egoera hobetzeko eta kaleak dinamizatzeko” merkatal azoka egingo du frontoi estalian larunbatean. Bertan, Lazkaon “merkatal eskaintza zabala eta erakargarria” dagoela erakutsi nahi dute.
Dendek stockean dituzten artikuluei irteera emanez, 10:30etatik 13:30etara eta 14:30etik 20:00etara jarriko dituzte postuak. Haurrentzat ekintzak ere antolatu dira: tailerrak, puzgarriak… Erosketak egiten dituztenen artean berriz, erosketa-txartelak zozketatuko dira.