Berria.info- Bertsozale elkartea Bertsolari Txapelketa Nagusia prestatzeko lanetan dago murgilduta. Elkarteko lehendakari Iñaki Murua ere (Gabiria, Gipuzkoa, 1956) hala dabil. Txapelketa berezia izango dela aurreikusi du, eta bertsoa izango dela nagusi, soiltasunean.
Aurtengo txapelketan zer ikusiko dugu?
Oxigenatua izango da. Lurra goldatzea edo astintzea bezala da, oxigeno berria har dezan, ariketa berriak eta proposamen berriak etor daitezen. Ikusiko duguna da bertsoa eta bertsolaria; soiletik. Bitarteko tekniko teknologikoez inguratutako eta apaingarriz betetako ospakizun jendetsu bati baino gehiagori begira jarri gatzaizkio bere soiltasunean hortzak estutu eta behatz muturrak zaurituz minberatzeraino eramanez bere garuna ustiatu eta barrutik ateratzen ari denaren egoerari.
Nik uste dut badela zerbait exotikoa bertsolaritza jende askorentzat. Irrika hori oso ondo iruditzen zait, baina, agian, entrenatuta dagoen jendeak jarraitzea behar dugu, eta hainbeste ez dagoenak entrenamendu hori hartzea. Bertsoa azken batean bizi egin behar duzu. Nik uste dut bertsoak arrakasta duela txikitatik entzuteko entrenamendu bat duelako. Entrenamendu horrek enpatia eskatzen du; kantatzen ari denaren zapatiletan jartzea feedback hori segituan ematea, asmatu ezinik dagoenean animoak ematea. Horrek oilo ipurdia jartzen du. Ez da bertsotan asmatzeak bakarrik jartzen duen oilo ipurdia, baizik eta egoerak eta argazki osoak jartzen duena.
Aurtengo txapelketan, zeri emango diozue garrantzia?
Krisi egoeran gaudenez, gizarteari itxaropena eta aire berria eskaini nahi dizkiogu, krisi ekonomikoaz gain sormen krisia ere baitago. Ekonomia krisia sormen krisiaren ondorio ere izan liteke. Besteak beste, umorea, ironia eta adarjotzea eskaini nahi ditugu. Momentu onak, baina bizitza ikusteko beste ikusmolde bat ere bai. Beste betaurreko batzuk. Gero, bat-batean, ez da erraza egiten, baina hori da saiakera.
Dena da ikuskizun, baina guk nahiko genuke soiletik, bertsotik eta bertsoa kantatzeko eratik emozioa sortu. Pertsona bat eskuak poltsikoetan dituela
a capella hiru bertso kantatzera doanean 14.000 lagun aurrean izatea asko da, eta horiek denak kudeatu behar ditu, isilik eduki behar ditu; hotzikara puntu bat ematen du.
Aurten Oionera (Arabako Errioxa) eta Maulera ere(Zuberoa) bazoazte.
Beti eman diogu lehentasuna lurraldetasunari. Guk ordaintzeko daukanari men egingo bagenio, saio guztiak leku bertsuetan izango lirateke. Baina gehiago zor gatzaizkio urtero bere jaialditxoa, bere bertso afaritxoa eta bere gazteen sariketa antolatzen ari den herri bakoitzari. Eta horiek Mauletik Oioneraino daude; horri erantzun nahian gabiltza.
Maulen aterako bagenitu bertso eskolarako bost neska-mutiko, pentsa zer esan nahiko lukeen. Eta ari gara pixkanaka ateratzen. Izugarri polit ari da gertatzen Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan. Sehaskari esker ari dira taldetxo batzuk ateratzen, oso politak. Eta hemendik hamar urtera gustatuko litzaidake talde horiek ikustea. Hango hezkuntza ezberdina da, pentsatzeko era ezberdina da, argudiatzeko era ezberdina da. Eta ikusi nahi dut nik zer egur emango duten haiek!
Zein egoeratan dago Bertsozale Elkartea?
Kultura eta euskararen inguruko elkarte ia denak edo denak bezala, egoera ekonomiko larri eta ito samarrean. Bestalde, proiektuz lepo, buruz gain. Erritmoa hartzen saiatu ezinik gabiltza. Biharkoa gaurko nahi dugu, eta ezin gara iritsi. Errota martxan dago, gehiegizko abiaduran.
Munduan zabaltzen aritu zarete.
Duela urte batzuk, Mintzola fundazioa sortu genuen. Asmoa ikerketa institutu bat antolatzea zen, bertsoak dituen iker-beharrei erantzun ahal izateko. Hainbat herrialdetan egon gara. Bertsolari gazte batek esaten zidan behin sekula ez zuela ikusiko bertsoa mundua ezagutzeko leiho gisa. Duela gutxi, ordea, Londresko Euskal Etxean izan zen.
Mexikon izan garenean egiaztatu dugu estatua duten kulturak ahozkotasuna eta inprobisazioaren mailan estaturik ez dugun herrialdeen maila berean daudela. Beraz, estatua izan edo ez, kultura indigenak indigena izaten jarraitzen du leku guztietan, guk deskubritu dugunez. Eta, alde horretatik, egin behar duguna da zer garen onartu eta lanean segi.
Bestalde, mundu osoan daude txapelketara hil ala bizi etorri nahi hori gauzatu nahi dutenak.
Euskara ez dakiten horientzat zerbait egingo duzue txapelketan?
Bereziki katalanentzat egingo dugu lana; itzulpen zerbitzu bat izango dute talde dezentea datorrelako. Gaztelerara eta ingelesera ere itzulpena izango dugu, ikertzaileren batentzat. Baina Euskal Herrian eta euskaraz bizi ez diren erdaldunentzat ez dugu jarriko. Ez da haiei kontra egiteagatik, baizik eta daukaten aukera batek piztutako irrikaren ondorioz ea euskaraz ere ikasten duten pentsatzeagatik. Guk bertsoa ez dugu ulertzen euskararik gabe, eta biak eskutik doaz gure ulertzeko eran, eta hala nahi ditugu.
Berdintasunaren saila ere baduzue. Aurrerapausoren bat eman duzue?
Gauza bat da berdintasuna, eta beste bat justizia. Uste dut biak parean jartzea oraindik urruti samar dagoela. Asteburu honetan, adibidez, 44 emakume elkartu dira plaza batean, sekulako giroan.
Orain urte asko izango da, baina hor dauzkagu Xenpelarren dokumentuak zeinetan esaten duen elizak, esaterako, debekatu egiten ziela emakumezkoei hiletetan kantatzea. Gero ere, amak eta amonek, Maialenek [Lujanbio] esan zuen bezala, sehaska kantetan eta gainerakoetan bertsolaritza erabili eta transmititu dute.
Nik uste dut berdintasunezko hiztegia egiteko denbora behar dela, hiztegia ez delako buruz ikasten den zerbait, baizik eta ohituraz, subkontzienteki hala ateratzen zaizun arte. Eta horrek belaunaldiz belaunaldiko entrenamendua eskatzen du. Gaien trataeraz eta ikuspegiaz zer esanik ez.
Bertsolariak eta gai-jartzaileak harremanetan daude Bertsolari Txapelketa Nagusira begira?
Normalean, bertsozale elkartearen sorreraren garaian ere, artista sortzailearen eta antolatzailearen arteko elkar ulertu ezina egon da. Sorrera hartatik sentsibilitate handia izan dugu nahasteko eta talde erabaki horretan bertsolariak eta artista sortzailearen presentzia egon dadin. Sortzaileak garbi eduki behar du zer sortu behar duen, zein egoeratan eta zenentzat. Bertsolariak «nitik» kantatu nahi du, ez jarritako rol batean aldiro-aldiro. Berak bere nortasuna azaldu eta garatu nahi du publikoaren aurrean, eta ahalegin hori eskertzekoa da. Entzun beharko da, eta esperimentatu, onerako, ahal den guztia.