Bizikleta zaleei bide berriak erakusteko BTT trabesia herrikoia antolatu dute
Laugarren urtez antolatu du Telleriarteko Txirrindulari elkarteak BTT Trabesia Herrikoia Legazpin. Etzi egingo dute, «9:30ean Euskal Herri plazatik irtenda», Juan Luis Ormazabal elkarteko kideak esan duenez. Probak bi helburu ditu, batetik «mendiko bizikleta zaleentzako» proba bat antolatzea; eta bestetik bizikletan ibiltzeko bideak erakustea.
Euskal Herria plazan jarri dute irteera, 9:30ean. Handik Motxorro eta Atagoitira martxa neutralizatua egingo dute, eta «behin mendian sartuta, bakoitzak bere bideari ekiteko» aukera izango du. Atagoititik Aztirira eta handik Larrosainera egingo dute. Plaentxiren txabolatik Oartzuzara eta Tubobidera, gero. Handik Arratolara, eta Brinkola eta Telleriartetik Legazpira. Indarrak berritzeko anoa postua ere jarriko dute bide erdian, Oarzutzan. Ibilbideak 35 kilometro inguruko luzera izango du, batez beste.
Bidea Aizkorri-Aratz natur parketik pasatuko denez, txirrindulariei «ingurua txukun mantentzeko, animaliak errespetatzeko eta ingurumena zaintzeko» eskatu diete. Behin proba amaituta, dutxa zerbitzua jarriko dute Bikuña kiroldegian, eta bizikletak garbitzeko gune bat ere prestatuko dute kiroldegiaren parean. Euskal Herria plazan, berriz, parte hartzaile guztien artean oparien zozketa egingo dute. Goierriko Hitzaren motxilak, Goierriko Hitzaren urte osorako harpidetza, gurpilak, eta beste hainbat gauza emango dizkiete opari txirrindulariei.
Izena telleriartekotxirrindularielkartea.com web gunean eman daiteke «bihar 14:00ak arte». Egunean bertan ere egongo da aukera, 8:30etik aurrera plazan. Izen emateak 15 euro balioko du.