Goierriko beheko hainbat herrietako ordezkariak, Farapi aholkularitzako kideekin batera.
“Emakumeen aurkako indarkeria arazo politiko, ekonomiko eta soziala da”. Hala azaldu zuen atzo Alaine Goikoetxea Aramako Gizarte Ongizate zinegotziak. Goierriko hemezortzi herritako ordezkariak bildu ziren prentsaurrean euren asmoen berri emateko: Goierrin indarkeria matxistari aurre egin behar izaten dioten emakumeen egoera ezagutzeko diagnostikoa eta arreta zein koordinaziorako protokoloa diseinatzeko prozesua hasiko dute.
“Danon arten” proektuaren erronka nagusia “udalerrien arteko elkarlana” izango da; baita, hainbat esparrutako langileen arteko elkarlana ere. Osasungintza, gizarte zerbitzu, Ertzaintza, Udaltzaingo, berdintasun sail, emakume talde eta talde feministen artean “oinarri sendoak ezartzen badira, protokoloaren funtzionamendu egoia bermatuko du”, azaldu zuen.
Oraingoz Goierri beheko udalen artean protokoloa diseinatzeko borondatea dago mahai gainean; edukiak eta forma hemendik aurrera adostu beharko dituzte. Hala ere, gaur egun indarkeria ekidin asmoz hainbat eragile lanean ari direla azaldu zuten. “Bailarako errekurtsoen erretratu bat egin eta koordinazioa erraztu asmoz” 2012an jarri zen mahai gainean protokolo baten beharra.
“Hasieratik izan genuen argi proiektuak aurrera eginez gero bailara ikuspegia litzatekeela egokiena”, azaldu zuen Goikoetxeak. Izan ere, prozesu honetan parte hartuko duten hainbat eragilek eskualde osoan egiten dute lan. Zezilia Herrador Beasaingo Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez alderdi ekonomikoari dagokionez “herri txikiek horrelako protokolo bat izateko aukera bakarra elkarlanean eginda da, oso zaila litzatekelako gastu osoa bere gain hartzea”. Gauzak horrela, urte eta erdiko lanketa prozesuaren ondoren, 2014 amaiera inguruan protokoloaren zirriborroa esku artean izatea espero dute.