Sentsibilizazioa bultzatuz Erreka Eguna ospatuko dute larunbatean
Hamargarren urtez egingo dute larunbatean Legazpin Erreka Eguna. Ekimenaren helburuak bat baino gehiago dira Inma Hernandez Legazpiko Agenda 21eko teknikariak azaldu duenez. Erreka garbi mantentzeaz gain, «sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu herritarren artean, eta talde lana sustatu».
Euskal Herria plazan elkartuko dira etzi, 10:00etan. Ohi bezala, biltzen diren guztien artean «errekatik hondakinak biltzeko beharrezkoa materiala» banatuko dute aurrena. Urteurrenaren harira, «Ur agentziako Victor Peñas adituak uraren garrantziari buruzko hitzaldi txiki bat» eskainiko die plazara bertaratutakoei.
Ondoren, Aranzadi elkarteko kideek landare inbaditzaileen inguruko informazioa zabalduko dute ,«errekan nola identifikatu daitezkeen» jakiteko. Behin agerraldiak amaituta, taldeko argazkia egingo dute, jarraian errekara joateko. Amaieran, hamaiketakoa eskainiko da plazan.
Marrazkiak eta graffiti-a
Urtero 100dik gora pertsonek hartzen dute parte Legazpiko Erreka Egunean. Iaz 420 kilo zabor jaso ziren, «urtetik urtera gero eta zabor gutxiago biltzen da», sentsibilizazio kanpainaren arrakastaren seinale. Honekin lotuta, biharko pintura lehiaketan ere, erreka izango da gaia, eta gazte batzuk graffiti bat margotuko dute geltokiko bideko zubi azpian.