Lazkaoko I. Mendi Duatloia bihar jokatuko da, korrika eta bizikletan
Lazkao Xtrem taldeak Lazkaoko I. Mendi Duatloia proba antolatu du, biharko. Korrika, mendi bizikletan eta bukatzeko berriz korrika lehiatuko dira. 16:00etan hasiko da proba nagusia. 16 urtetik gorakoentzat da lasterketa ofiziala, baina 5 urtetik gorako haurrek ere parte hartu ahalko dute, 15:00etan, eurentzat egokitutako lasterketatxoan.
Helduen mailan, esprint distantzia eta olinpikoa bereizi dituzte antolatzaileek. Esprintean bi kilometro korrika, zazpi bizikletan eta bat korrika egingo dituzte. Olinpikoan, berriz, bikoiztu egingo dizkiete distantziak: 4, 14 eta 2 kilometro.
Ibilbideari dagokionez, korrikako lehen saioa plazatik Harizti Haundi futbol zelai aldera joan-etorria izango da, mendian zertxobait barneratuz. Jarraian, plazako box-etara itzuli, bizikleta hartu (mendikoa), eta Gaztainadi Haundi baserritik Beasaingo institutura jarraituko dute; handik gora Olaberriraino joango dira, Arramenditik behera plazara jaisteko. Azken korrikako atala herrigunean da, ibaiaren albo banatako pasealekuan.
Esprintekoek itzuli bakarra egingo dute, aipatutako ibilbidean. Olinpikokoek, berriz, bi itzuli. Izena kirolprobak.com webgunean eman daiteke. Bihar ere egongo da aukera. Gaur goizerako 25 lagun zeuden izena emanda. Antolatzaileek aurreikusi dute “30en bat lagun” elkartuko direla, beti ere eguraldiaren arabera.
Mendi duatloia hasi aurretik, haurrentzat egingo dute proba, 15:00etan. Bost, sei eta zazpi urtekoei ibilbide laburra prestatu diete: Harizti Haundi aldeko parkera joango dira korrika, antolatzaileek erritmoa markatuta; korrika aurrena, eta bizikletan ondoren egingo dute txango hori. Bukatzeko, plazako pilotalekuari korrika itzuli bat egingo diote.
Bederatzi, hamar eta hamaika urtekoentzat luzexeagoa da bidea. Umeek bezala futbol zelai aldera joko dute, baina distantzia gehiagoan. Azken bueltan, frontoiari eta udaletxeari bira egingo diote. Hamabi urtetik gorakoek esprint modalitatean parte hartu ahalko dute.
Sarien arloan, 12 urtetik gorakoentzat eta helduentzat garaikurrak jarri ditu Lazkao Xtremek. Opariak ere jasoko dituzte partaideek, eta zozketak izango dira. Haurrak, berriz, opariez gain, bizikleta baten zozketan sartuko dira.