Musika zaparrada Urretxuko txosnetan
Gaur hasiko dira Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Eguraldiari dagokionez, txosnetan egunero zaparradak botako ditu. Musika zaparradak. Izan ere, txosna batzordeak kontzertu mordoxka antolatu du.
Hasteko, 19:30ean, kalabazinaren igoera egingo dute. Gaztelekutik txosnetara joango dira, zanpantzarrek lagunduta. 21:15ean kalabazinaren pregoia irakurriko dute. Lehen kontzertua Joxe Replayk egingo du 23:00etan. Baionako talde honek Joxe Ripiauren abestiak Kolonbiako doinuekin nahasten ditu. Ondoren, Egurra ta Kittok joko du. Talde honetako bi kide goierritarrak dira: Iñigo Mendia ormaiztegiarra eta Iñigo Izuzkitza mutiloarra.
Bihar arratsaldean Gazte Bideanekoek txapa tailerra egingo dute. 19:00etan Skandalue txarangarekin gaztelekutik txosnetara joango dira. Bertan, afaltzeko aukera egongo da. 01:00etatik aurrera Capsula eta Porco Bravo taldeek joko dute. Ondoren, Elvis Caino DJak jendea dantzan jarriko du azken hamarkadetako abesti onenekin.
Salda ere badago
Igandean Euskal Jaia da eta txosnetakoek gazteak kalera goizetik irtetea nahi dute. 12:00etan salda emango diete «bezperan edandako edabe pozoitsuek sortutako kalteak konpontzen laguntzeko». Gauerdian erromeria egongo da, Salda Badago eta Joseto Anayak herriko taldeekin.
Astelehenean, kuadrillen arteko sokatira txapelketaren ondoren, joko zoroak egongo dira. 20:00etan, berriz, Erresuma Batuko TV Smith, Zarauzko MKT eta Aragoiko Picore taldeek joko dute. Lehenengo biek punk musika jotzen dute eta hirugarrenek hardcorea.
Kontzertura joaten direnek bertan afaltzeko aukera edukiko dute, parrillada prestatuko baitute. Belarriei eta sabelari astindu ederra eman ondoren, kalabazina gaztetxera itzuliko dute eta «txintxo-txintxo ohera» joango dira.