Bigarren eskuko liburuen azoka egiten ari dira Araman
Kultur astearen barruan, bigarren eskuko liburu azoka antolatu dute Araman. Udaletxe berriaren inguruak aprobetxatu dituzte liburuak zabaltzeko. Eskulan erakusketa ere ikus daiteke Iriarte aretoan.
Bihar, berriz, irteera egingo dute Ernio mendira. Iraileko igande guztietan bezala, erromeria izango da, Zelatungo zelaietan. Aramar talde bat oinez joango da Ernioraino, 07:00etan plazatik irtenda. Gainontzekoak kotxeetan joango dira, 09:00etan. Zelatunera arteko azkeneko bide zatia denek elkarrekin egingo dute.
Hurrengo asterako beste bi ekitaldi iragarri dituzte egitarauan. Ostegunean, irailaren 26an, pintxo lehiaketa egingo dute, Arrikutz elkartean. 18:30ean hasiko da, eta 20:30a aurretik aurkeztu beharko dira pintxoak. Ostiralean, azkenik, 18:30ean haurrentzat eta gazteentzat askaria, eta 19:30ean zinema emanaldia izango dira, Iriarte aretoan.