Helburuak bete ditu Bizipozaren Jaiak Lazkaon
Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak (ILGE) antolatuta, atzo ospatu zen Lazkaoko Bizipozaren Jaia. Eguraldi eguzkitsua lagun, 5.000 lagunetik gora izan ziren jaialdian. Egun osoko egitaraua zuen Irrrien Lagunak Klubaren 3. festak, eta jarritako helburuak betetzat eman ditu ILGEk. 6.000 sarrera-zapi saldu zituzten, 900 bazkari zerbitzatu, 800 talo saldu eta 100 litro txokolate banatu. Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunen Klubeko pailazoek bi ikuskizun egin zituzten, ehunka haurren aurrean. Jaialdirako 300 boluntario aritu dira lanean.
Parte-hartze eta asistentzia datuak “garrantzitsuak” izan direla baloratu du ILGEk. “Bizipozaren Jaiari esker, elkarteen errealitatea gizarteari gerturatzeaz gain, etorkizunean lanean jarraitzeko diru-iturri garrantzitsua ere izan da”. ILGEn 22 elkarte daude gaur egun, behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten dutenak; horietatik 19k jarri zituzten Lazkaon informazio-postuak. Batzuek erakustaldiak ere egin zituzten, laguntza-txakurrekin, adibidez.
Irrien Lagunak Klubak bi entitate omendu ditu, aurtengo sariak emanda. Nafarroako euskara teknikariek eta aurten arte Berria Taldearen kontseilari ordezkari izan den Joanmari Larrartek jaso dute aitortza.