Badoaz Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Eguraldi onaren hauspoaz Urretxuko kaleak jendez gainezka daude ostiraletik. Gaur, kuadrillen eguna da, eta gazteen elastikoek goizetik kolorez jantzi dute herria. Orain, Ederrena pilotalekuan pisaketa lanetan ari dira arratsaldeko jokoak prestatzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez hogei bat kuadrillek parte hartuko dute 17:30ean hasi eta 19:30ean amaituko diren jokoetan. Badago gaur beste hitzordu nabarmen bat, kantu afaria, hain zuzen. Gaurkoan gainera, Anje Duhaldek parte hartuko du Abenidako kantu festan, 21:00etatik aurrera.
Jendetsua eta kolorez betea izan da aurten ere Urretxuko euskal jaietako karrozen desfilea. Guztira hamalau kuadrillek parte hartu zuten, herriko dantzariek eta musikariek lagunduta. Karrozen artean, umorez eta kritika sozialez betetako lanak ikusi ahal izan ziren. Epaimahaiaren saria jaso zuena, ordea, KL kuadrilla izan zen, San Ferminen inguruan egindako karrozari esker. Sari banaketan ere, Zuhaitzaren Soinua kolektiboko txalapartariek eta herriko beste zenbait musikarik parte hartu zuten. Urtetan epaimahaiko kide izan zen Pedro Narbaiza ere gogoan izan zuten antolatzaileek.