Kirol Aholku Batzordeak landu duen dekalogoa aurkeztu dute Ordizian
Kirol ekitaldien inguruan sortzen diren egoera gatazkatsuei aurre egiteko egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean Altamirako estadioan. Hain zuzen ere, hainbat elkarteetako kideez osatutako Kirol Aholku Batzordeak azken urtean landu duen Kirol Dekalogoa aurkeztu dute. Jon Bigurik, batzordeko ordezkariak, eman du agerraldian egitasmoaren berri.
Kirolaren Aholku Batzordea duela hiru urte sortu zen udalaren ekimenez. Kirol elkarteetako, eskola kiroleko, ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek osatzen dute batzordea. Azken urtean, Kirol Dekalogo bat sortu eta adostea izan da batzordearen lehentasunetako bat, bai eskola kirolean eta baita elkarteen jardunean ere sortu izan diren istiluei aurre egiteko. Kirolarekin konpromisoa, guztien parte-hartzea, elkarlana, jarrera eredugarriak izatea, jokabide egokiak, joko garbia, enpatia, errespetua, eskuzabaltasuna eta autokritika aldarrikatzen dira dekalogoan. Igandean egingo den Josetxo Imaz memoriala baino lehen, 10:30ak aldera, egingo da dokumentuaren sinatze ekitaldia.
Datorren asteazkenean hasi eta igandera bitarte, irailaren 25etik 29ra, egingo da IV. Ordizian Kirolean astea. Joan Mari Gereñu eta Izaro Intsausti zinegotziek, Jon Biguri Aholku Batzordeko kideak, Patxi Epelde ekimeneko logoaren egileak eta Iban Perez Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko teknikariak aurkeztu dute egitaraua.
Askotariko ekintzak izango dira asteazkenean hasita, Intsaustik azaldu duenez. Egun horretan bertan, irakasle, entrenatzaile, epaile eta gurasoei zuzendutako saio tekniko bat izango da 18:30ean Coach & Coachen gidaritzapean; ostegunean, Kike Biguri umoregileak ikasleekin saio bat egingo du 11:00etan; ostiralean, judo, wu-shu eta kung-Fu erakustaldi bat izango da plazan 19:00etan; larunbatean, kirol egokituko saio bat izango da, hau ere plazan, 11:00etan, eta igandean, azkenik, Josetxo Imaz memoriala.