Lazkaon urrats bat gehiago
Horixe egin nahi du Irrien Lagunen Klubak, igandean, Lazkaon. Urrats bat gehiago, elkartasunaren eta beharra dutenen laguntzaren bidean. ILGE Irrien Lagunen Gizartegintza Elkarte sortu berriaren estreinako agerraldia izango da. Irrien Lagunek hirugarren festa erraldoia egingo dute Lazkaon, duela bi urte Usurbilen (Gipuzkoa), eta iaz Gernikan (Bizkaia) bezala.
«Behar bereziren bat» duten haurrekin lan egiten duten elkarteek osatu dute ILGE. Oraingoz 22 elkarte dira, baina ateak irekita dituzte. Bailarako talde bakarra dago, Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkartea. Elkartasunezko sarea osatzeko asmoarekin sortu dute Gizartegintza, orain bi urte hasitako Elkartasun Elkarteari jarraipena emateko, eta «elkarte edo norbanakoei laguntza eskaintzetik harago joateko».
Irrien Lagunen Klubean bezalaxe, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak dira ILGEren aurpegi. Hogeita bost urte darama pailazogintzan Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek. «Euskara eta alaitasuna genuen helburu hasieran, eta poliki-poliki balore hezitzaileak gehitu dizkiogu gure lanari», azaldu du Agirretxek. Elkarteekin harremana, esate baterako.
Askotariko elkarteak daude ILGEn. Gizartean sona gehixeago dute batzuek, haien lana ezezagunagoa da beste batzuen kasuan. Guztiei ahotsa eman nahi diete Irrien Lagunek. Euren lanetan —ikuskizunetan, diskoetan nahiz Irria aldizkarian— presentzia badute. Baina gehiago nahi dute.
«Mundu txiki horietatik, emateaz gain, konturatu ginen asko jasotzen genuela. Txikiak izanik, lan eta balore handiak dituzte. Irrien Lagunak Kluba duela hiru urte sortu genuenean, bost zutaberen artean bat elkartasunaren balorearen zabalkundea hartu genuen. Hitzarmen bat sinatzen dugu, eta elkarte hauentzat bozgorailu lana egin nahi dugu, haien ideiak, lanak eta beharrak zabaltzeko, euskaratik eta euskaraz», dio Agirretxek.
Pailazoen habitat naturala haurrak eta haien familiak diren arren, esparru handiagoan jarri nahi dute ahots hori, gizartearen luze-zabalera jauzi egin. «Oinarrizko hausnarketa bat egin dugu, estrategikoa. Elkartasunaren kontzeptuaren inguruan, norabide bakarrekoa ez, baizik besteari zerbait ematekoa behar duela iruditzen zaigu», laburtu du.
«Beharra denok dugu»
Gizartegintza horregatik sortu dute, elkartasuna familien kontua bakarrik ez dela irudikatzeko. «Pertsona guztiona da emateko eta jasotzeko gaitasuna, herri osoarena. Denok dauzkagu gaitasunak, denok gabeziak; bizkarra emanez elkarri, denok gara elbarri. Denon artean sortu behar dugu bizipozean biziko den herri bat». Beharrak eta gaitasunak dituztenak elkarteak bakarrik ez direla gehitu du; «denok ditugu».
Bizipoza auzolan jarri diote ekimenari goiburua. Auzolanaren izerdiarekin, sarea osatu nahi dute. Boluntario sare bat ere osatu nahi dute. Krisi garaietan «zapalkuntzak areagotu» egiten direla ohartarazi du Agirretxek, eta «denon artean» elkartasunari «eutsi» beharra dagoela.
«Homofobia pil-pilean dago, gizartearen zati bat jazarrita dago; Europa iparraldean xenofobia dago, atzerritarrekiko eta beste kulturekiko mespretxua. Krisi garaietan azaleratzen dira fobia horiek guztiak. Elkarrekin sarea osatzen badugu, denon berri baldin badugu, errazago izango da».
Hala, ILGEko kide diren elkarteen arteko sarean, hari lotzailea izango dira Pirritx eta Porrotx, boluntarioekin batera. Pertsonaia ezagunek eta ospetsuek parte har dezakete, baina baita herritar xumeek ere, «anonimoek». «Denok daukagu zer jasoa eta zer emana», errepikatu du.
Elkarren informazioa trukatzeko, komunean dituzten gaiak banatzeko edo ekimenak martxan jartzeko konexioa eta kohesioa izan nahi du ILGEk. Lazkaon lehen aldiz ospatuko da Gizartegintzaren jaia. Bizipozaren Jaia jarri diote izena. «Denon artean osatu nahi dugu bizipozean biziko den Euskal Herri bat».
Harremanak egiteko aukera aproposa izango da, igandean. Baita elkarteen lanaren berri jasotzeko ere. Edo, norberak duen jakintza, lana edo ekarpena emateko plaza. «Auzolanean, elkarte hauek trenaren aurreko motorea dira. Beren txikitasunean, sekulako balorea, espiritua, ilusioa eta energia dute. Esaten eta nahi dugunaren eredu garbi dira».
Goierrin, auzolana eredu
Irrien Lagunen hirugarren jaialdia eta Gizartegintzaren aurkezpenekoa Lazkaon izatea hobetsi dute pailazoek. Ez kasualitatez edo egokieraz. «Lazkaoko herriarekin harremana izan dugu. Urtebetean hiru aldiz joan nintzen hara, iaz», dio Porrotxek. Nazioen Munduaren eskutik, Gure esku dago festan izan ziren, adibidez, iazko ekainean. «Lazkao, fisikoki oso egokia da. Plaza dela, frontoia, oinezkoen erdigune hori, Iztueta baserria… Halako festa bat egiteko azpiegitura egokia du. Baina, paisaje fisikoaz gain, paisaje humano eta emozional bat dago. Bai Lazkao herrian, eta bai Goierri eskualdean, herrigintza, auzolana eta parte-hartzea oso errotuta daude. Oso aberatsa da alde horretatik, eta horregatik, hain zuzen, hurbildu gara Lazkaora».
Herriko talde ugarik parte hartuko dute Bizipozaren Jaian. Erantzun «paregabea» jaso dutela aitortu du Porrotxek.
Lazkaoko alkate Azeari Andonegik ere gogo onez eskaini du herria. «Aukera hau ikuskizun huts izatetik harago doa. Baloreak transmititzen saiatzen dira: elkartasuna, aniztasuna, errespetua, osasuna, kultura, eta euskara oinarri hartuta lantzen dute. Guk horrekin bat egiten dugu», dio Andonegik.
Gizartegintza Lazkaon aurkezteak ere balio handia du, alkatearentzat. «Larritasunak dituzten haurren elkarteek helburuak finkatzeko eta nahi zuten sare hori osatzeko aukera izango dute. Pailazo batzuek elkartasun horri tenkada bat ematea polita da, baita horiek guztiak hemen edukitzeko aukera izatea ere». Lau-bost mila lagun etortzea espero dute.