«Legazpiko zine aretoa baino bereziagoarik ez dago niretzat»
Jorge Gilek (Legazpi, 1981) zuzendutako El metodo Arrieta dokumentala Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailerako hautatua izan da. Hori da zuzendari legazpiarraren azken lana, baina aurretik bestelako lanetan ere aritu izan da. Lucio dokumentalean zuzendari laguntzailea izan da, eta telebistako zenbait saiotan gidoilari lanetan ere aritu da, besteak beste.
Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Eskolan egin zituen zinema ikasketak, eta Madrilgo Zine eta Ikus-entzunezkoen Eskolan ikasi zuen gidoilaritza. Egun, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko proiektu arduradun gisa egiten du lan Donostian.
Zer suposatu du zuretzat eta taldearentzat ‘El metodo Arrieta’ Zinemaldirako hautatua izateak?
Donostiara bueltatzeko aukera polita da, dokumentalak bere ibilbidea bertan hasi zuelako, Giza Eskubideen Zinemaldian. Zineetan lau astetan egon zen, baina askok ez zuten filma ikusteko aukerarik izan. Beraz, bertakoek aukera polita dute horretarako, orain. Gainera, Zinemaldia hitzordu berezia da.
Lanak kritika oso onak jaso ditu. Espero zenuten?
Sorpresa atsegina izan da niretzat, ez nuen halakorik espero. Dena den, niretzat ikusleen erantzuna da garrantzitsuena, beraientzat egiten baititugu lanak, goza dezaten. Kontatzen dugun historia sentipen ezberdinak eragiteko gai da. Batez ere, filmaren une batzuetan jendeak nola barre egiten duen entzutea gustatzen zait.
Arrieta ahizpak dira zure azken laneko protagonistak. Nola iritsi zinen beraienagana?
Kasualitatez, El metodo Arrieta izeneko beraien blogarekin egin nuen topo. Nire etxetik 10 minutura bizi direla jakin nuen orduan. Bi emakume hauek ezezaguna den hizkuntza bat sortu eta garatu izanak, eta horren bitartez komunikatzen direla jakiteak harritu ninduen gehien. Noski, gehiago jakiteko gogoa sartu zitzaidan orduan.
Zeintzuk dira Lourdes eta Mentxu, hau da, Arrieta ahizpak?
Bizitzarekiko jakin mina duten 50 urte inguruko bi gaztetxo dira. Mundu osoan komunikatzeko sistema kurioso baten bitartez elkar ulertzen duten hizlari bakarrak. Ezin dute gorputzeko muskuluen mugimendua kontrolatu, eta ondorioz, ahotsaren bitartez edo eskuz komunikatzeko gaitasuna mugatua dute. Horregatik, elkar ulertzeko bide propioa aurkitu dute: begi irisaren mugimenduarena. Begiak mugituz eta isiltasunean komunikatzen dira beraien artean. Eta gainera, hori guztia umorez egiten dute.
Zer da ‘Arrieta metodoa’?
30 urte inguru dituen komunikazio sistema sinple baino erabilgarria da. Bi ahizpek euren etxean pentsatu eta araututako hizkuntza moduko bat. Fisikoki muga handiak dituzten horiei zuzenduta dago. Nahi duenak Interneten edo filmaren web gunean eskuragarri ditu sistema honen arauak eta nondik norakoak. Ahizpei beren ekarpen txiki hau mundu guztira zabaltzea gustatuko litzaieke.
Eurak ezagutu eta gero, nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Dokumentala egiteko ideia hasieratik zegoen hor, nahiz eta zein forma izango zuen jakin ez. Hasieratik sumatu genuen istorio honetan ikusleek gauza interesgarriak topa zitzaketela. Izan ere, komunikatzeko modu honetaz gain, beren bizitzan aparteko gauza asko daude: barreak, penak, frustrazioak… Azken batean, Arrieta ahizpen esentzia eta berea oso antzekoak direla ohartuko da ikuslea.
Zer da lan honen bitartez helarazi nahi izan duzuna?
Ahizpen bizitzak jaiotzetik gaur arte gauza bat islatzen du: komunikaziorako grina oztopo guztien gainetik. Beren beldur propioaren eta ingurukoen konfiantza faltaren gainetik. Beraz, guretzat hor zegoen gaia. Azken batean, komunikazioa edonorentzat funtsezko gaia da, eta, sarri hortaz ohartzen ez garen arren, gure bizitza erabat baldintzatzen duena.
Nolakoa izan da grabazio prozesua?
Oso esperientzia bizia. Sei hilabetez aritu ginen grabatzen, baina denbora horretan gauza asko pasatu ziren. Espero ez genituen gertakariak jarri zizkigun bizitzak filmaren bidean, eta hori lanaren zenbait unetan sumatzen dela uste dut. Gogorra ere izan zen. Gidoirik gabe egiten genuen lan, eta horrek zenbait arrisku dauzka, baina ez zegoen lan hau egiteko beste modurik.
Eta grabazio ondorengoa?
Agian etaparik zailena izan da. 120 orduko materiala genuen, 90 minutuko aukeraketa bat egiteko. Sekuentzia bat aukeratu eta bestea kanpoan utzita ondo egin ote genuen galdetzen diot,oraindik, nire buruari.
Dokumentala zure herrian, Legazpin aurkeztuko duzu urriaren 4an Arrieta ahizpekin batera. Ilusio berezirik sortzen al dizu?
Bai, noski. Legazpikoa baino zine areto bereziagorik ez dago niretzat. Horrenbeste film ikusi ditut bertan… Lagun asko gerturatuko dela pentsatzen dut, eta gau horretan maitasun asko sentituko dudala. Baina aldi berean erantzukizunaren pisua ere sentitzen dut nire gainean. Jendea proiekziotik gustura ateratzea espero dut, bestela ez dakit zein aurpegi jarriko dudan!
Legazpiarra zara jaiotzez, baina Donostian bizi zara. Herrira joateko ohiturarik ba al duzu?
Bai, astero joaten naiz. Asteburuetan, hala ere, Donostian lasai geratzeko ohitura dut, nahiz eta Legazpiko zineklubak ostiralero eskaintzen dituen filmak ikusteko aukera galdu. Oso film interesgarriak jartzen dituztenaren sentipena daukat…
Nondik datorkizu ikus-entzunezkoetarako zaletasuna?
Beti gustatu izan zait fikzioa, baina zinema lurrikara baten indarrarekin sartu zen nire bizitzan, institutu garaian. Unibertso zoragarri batekin egin nuen topo. Orduan ikusi nituen Breve encuentro, Sed de mal, Manhattan edo Tristana. Oraindik orain nire film gogokoenak dira.
Ze proiektu dituzu esku artean?
Une honetan fikziozko gidoi bat idazten nabil zinemarako, Moriarti ekoiztetxearekin. Bestetik, udazkenean ikastaroak eskainiko ditut Donostiako kultur etxe batean. Jendearekin egote hori asko gustatzen zait.