Udal Euskaltegiek 2013/2014 ikasturteari hasiera eman diote
Joan den ostiralean eman zioten hasiera ofiziala Udal Euskaltegiek 2013/2014 ikasturteari. Aurkezpen ekitaldia Beasaingo Igartza jauregian egin zuten eta , aurrez, 10:00etan, Juantxo Agirrek Igartzako multzoa erakutsi zien bertaratuei.
11:00etan Ekitaldi Ofizialari eman zitzaion hasiera. Besteak beste, honako hauek izan ziren bertan: Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusia, Aitor Larburu Beasaingo Udal Euskaltegiko Lehendakaria, Garbiñe Zurutuza Beasaingo Kultura eta Euskarako zinegotzia, Karmele Aierbe eta Josu Larrea Bilduko ordezkariak, Boris Nogales Lasarte-Oriako zinegotzia eta EUDELeko ordezkaria, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat zinegotzi eta udal euskaltegietako zuzendari ugari. Horiez gain, Goierriko AEKko ordezkari bat, Jon Urdangarin, MAIZPIDE euskaltegiko zuzendaria, Nafarroako Zubiarte Euskaltegiko zuzendari eta idazkaria, eta, bukatzeko, irakasleak, ikasleak eta herritar soilak ere izan ziren.
KOldo Agirrek ongietorria eman ostean, Zigor Etxeburuak, 2013-2014 ikasturteko publizitateko leloa azpimarratu zuen: “Emaiozu euskarari!”, “euskarari denbora eta ahalegina emanez gero, euskarak ere asko eskaintzen duela” esanez, eta “zenbat eta ikasle eta hiztun gehiago izan, esparru zabalagoa sortuko dela euskararentzat”.
Joseba Erkiziak itxi berri den 2012-2013 ikasturteari buruz aipatu zuen “iazko ikastaroan 32.330 ikasle heldu” aritu zirela EAEko euskaltegietan euskara ikasten, eta ikasle horiek egindako ahalegina goraipatu zuen. Ikasleen adinaren batez bestekoa 38 urtekoa izan zen. Gaur egun 35 urtetik gorako EAEko biztanle elebakarren (erdaldunen) proportzioa 3tik 1ekoa dela, eta duela 30 urte 5etik 1ekoa zela.
Ondoren, Beasaingo Udal Euskaltegiko zuzendaria den M. Paz Martinek, udal euskaltegi guztien izenean, 2013-2014 ikasturteko kanpainaren irudia eta leloaren esanahiari buruzkoa azalpenak eman zituen, eta, udal zerbitzua izanda, udal euskaltegien jarduna herritarrengandik hurbil kokatu behar dela, herritarren eskaerari erantzunez eta euskararen mundura erakarriz. Bukatzeko, herritarrak gonbidatu zituen “euskarari merezi duen denbora eta ahalegina eman, eta, euskara bereganatu ahala, gozatu eta dibertitzeko”.