Babarrun beltzak Zaldibiako Kontxi Arizagaren postuan.
Zein garaitan gauden ezjakinean balego norbait, nahikoa luke Ordiziko feriako salmahaien aurrean jartzea, udazken kutsua laster asko hartuko luke eta. Astez aste osatzen eta aberasten ari den aukerari atzoz geroztik izartzat hartzen den produktuetako bat erantsi behar diogu: babarrun beltza. Tolosaldekoak du sonarik handiena, hala bultzatuta, jatorrizko izendapena ere izan ba du. Baina eskualde horretan ez ezik, askoz eremu zabalagoan erein eta biltzen da; baita gustura asko jan ere. Horregatik egongo dira, behar bada, tokian tokiko hainbeste izen: indiaba, indibaba, banabarra, ilar beltza… Bere horretan goxoa izateaz gain, azarekin eta gainerako osagaiekin nahasita, hala nola odolki, hirugiharrre eta abar, uko egin ezinekoa. Ferian ere aukeran da, bai lekan (12 euroan kiloa) eta baita aletua (14 euro) ere.
Babarrunaren ekoizpenerako urte ona izango den galdetuta, ez zegoen oso konforme Kontxi Arizaga: «Beroa doa eta lorea erori egin zaio, pasatu egin da asko, leka txikia geratu da». Kontu beretsuak entzun dizkiogu Juli Otegiri ere: «Desberdintasun oso handia dago batzuetatik besteetara, ale ederrekoak badaude eta leka txiki asko ere bai; horiek zer bilakatuko diren ikusi egin behar».
Aramako ‘pikillo’ piperrak
Gure baratzeetan piper aukera handia dago: morroa, piper eztia, txorizero italiarra, gernika, piperminak… baina baratzezain askok gustoko dute berriekin frogak egitea; Patxi Arizmendik, esate baterako, pikillo piperrak landatu zituen aurten eta atzo ekarri zituen lehenak. «Hemen ez dugu ohiturarik, normalean Nafarroakoak jaten ditugu, baina landare batzuk sartu nituen morroa eta italiarrekin batera eta askoz denbora gehiago behar izan badute ere, ederki etorri dira; negutegian hori bai». Kiloa 3 euroan jarri du salgai.
Gaztainak ere hasi dira, oraingoz, postu bakarrean. Lasak Hernani ingurukoak ekarri ditu, kiloa 4 euroan salgai jarriz.
Kontserbak egiteko garaian ere sartzen ari gara eta bada zertan aritua. Datorren astean eskainiko diogu atal honi behar duen arreta.