Plataformaren aldarriak osoko bilkura hartu du, beste behin
Gai zerrendan aurreikusita ez bazegoen ere, hondakinen gaia nagusitu da, beste behin, Legazpiko azkeneko osoko bilkuran. Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak antolatutako kazerolada zaratatsuaren testuinguruan hasi zen osoko bilkura, eta azkenean, ekimen herritar honek baldintzatu du alderdien arteko bileraren nondik norakoa.
Hondakinen gaia galde eta erreguen tartean atera zuten oposizioko alderdietako ordezkariek. Oscar Valbuena PSE-EEko bozeramaleak «osoko bilkuran geldialdi bat egin eta plazan bilduta dauden herritarrei» kasu egin beharko liekeela esan zion alkateari. Ane Urkiola EAJko ordezkariak, bere aldetik, «uztailetik irekita dagoen eta hiru aldiz luzatu den epearen barruan» atez ateko sisteman zenbat herritarrek eman duten izena galdetu zion, besteak beste.
Lehenengo txandako galderei erantzun zien jarraian Kepa Urtzelai alkateak. Herritarrek edozein gaien aldeko eta kontrako jarrerak azaltzeko «osoko bilkuran galde eta erreguen atala» dutela eta osoko bilkura horrelako arrazoiengatik ez dagoela gelditzerik esan zion Valbuenari. Urkiolari, aldiz, epea ez dela hiru aldiz luzatu zuzendu zion, «epea bakarra da, luzapen bat egin dugu eskutitzak etxeetan banatzeak uste baino denbora gehiago eraman zigulako». Prozesua oraindik irekita dagoela, eta datu horiek «behin prozesua amaitzen denean, eta datu guztiak eskura» dituztenean jakinaraziko dituztela esan zuen.
Bigarren txanda bat ere osatu zuten gai beraren inguruan. Urkiolak hondakinen bilketarako sistema mistoaren inguruan Sasietako teknikariek landutako bi txostenen gaia atera zuen. Hasierako informea «manipulatu eta faltsutu» izana leporatu zion Bilduri, «komeni zaionaren arabera paragrafo garrantzitsuak ezabatu» zituela gehituz.
Valbuenak, berriz, PSE-EE alderdiak maiatzean proposatu zuen sistema bera defendatzen jarraitzen duela esan zuen, «txip bidezko bosgarren edukiontzian» oinarritutakoa. Bilduk «beste herri batzuetan egin duen bezala» sistema horren alde egingo balu «aliatu sozial eta politiko gehiago» izango lituzkeela ondorioztatuz. Urtzelaik berak erantzun zion EAJko ordezkariari. Bilduk «inoiz ez du inolako dokumenturik manipulatu edo faltsutu» esan zuen, eta jarraian hori argudiatzeko hamaika argudio mahai gaineratu zituen. Gainera, «gisa horretako salaketak arrazoitu» egin behar direla bota zion jeltzaleari.
Hiru puntuko gai zerrenda
Valbuenak proposatutako bilketa sistemaren inguruan Igor Urrate ingurugiro zinegotziak hitz egin zuen. Sistema mistoa ez dela «udal gobernuak nahi duen sistema» errepikatu zion berriz udalbatzari, «lau frakziotako atez atekoa da guretzat egokiena». Hala, alkateak udal gobernuak gai honetan «amore eman duela» baina beste aldeen aldetik ez duela jarrera bera ikusten gaineratu zuen.
Gainerakoan, hiru puntuko gai zerrenda da, udalbatzak asteazken iluntzeko osoko bilkuran landu zuena, eta puntu guztiak aho batez onartu zituzten.
Batetik, Repsol Butano S.A. enpresak udalari aurkeztu dion berraztertzeko errekurtsoa atzera botatzea onartu zuten, «helegiteak ez duela inolako justifikaziorik» argudiatuta. Bestetik, hiri-antolamendurako Plan Orokorraren 75. artikulua aldatzeko proposamena ere atzera botatzea adostu zuten, «aldaketak ez duelako eraginik izango». Amaitzeko, Legazpiko Udala hornidura elektrikoa kudeatzen duen Gipuzkoa Central de Compras-era atxikitzea onartu zuten.