San Migel jaiak ospatuko dituzte asteburuan bost herritan
San Migel jaiek uda garaiko festa-denboraldiari azken puntua jarriko diote, asteburu honetan. Altzagan, Gaintzan, Ormaiztegin, Lazkaon eta Urtsuaranen ospatuko dituzte. Altzagan eta Gaintzan urteko jai nagusiak egingo dituzte. Ostiraletik igandera antolatu dituzte udalek herri horietako egitarauak. Idiazabalgo Urtsuaranen ere auzoko festak dituzte. Ormaiztegin eta Lazkaon, berriz, giro herrikoiko ekitaldi sorta prestatu dituzte, Sanprointzioen edo San Andres jaien inbidiarik gabekoak.
Altzagako jaietan «nobedade handirik» ez da izango, Imanol Mujika alkatearen hitzetan. «Azken urteetako egiturari eutsi diogu. Lehen bi egunak herritarrentzat bereziki izan ohi dira. Igande arratsaldean, batik bat, kanpoko jendea mugitzen da», azaldu du.
Goi mailako herri kirol erakustaldia jarri dute, izan ere, jai arratsalderako. Lehen mailako lau aizkolari —Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Jon Irazu eta Unai Otaño— ariko dira. «Lan puska bat» jarri diete, bikoteka egiteko: oinbiko enbora bana aurrena, eta ondoren 12na korte. Harri jasotzeko Aimar Irigoien iragarri zuten programan, baina azken orduan ezin duela etorri, eta Joseba Ostolaza ariko da haren partez.
Festen bukaera sagardo dastaketarekin borobilduko dute. Zortzi sagardotegitako edariak edateko aukera izango da. Gazta eta txorizoa ere banatuko du udalak, aho gozagarri.
Gainontzean, herri mailako lehiaketak egingo dituzte. Arrakastatsuena biharko patata-tortillarena dela aurreratu du Mujikak. «Nahiko ondo funtzionatzen du lehiaketak. Gero txorizoa eta pipertxoak frijitzen ditugu, eta afari-merienda bertan egiten dugu, giro politean».
Larunbat eguerdiko herri bazkariak ere altzagar asko erakarriko du. 120 bat lagun biltzen dira. Eguraldi ona egiten badu, Artegain frontoian izango da bazkaria; bestela, Artea elkartean.
Mondeju zuria prest Gaintzan
Iazko jai-egitarautik «aldaketa handirik» ez dutela egin aitortu du Gaintzako alkate Joxe Mari Garmendiak ere. Ekonomikoki miraririk ezin dutelako egin, beste toki askotan bezala, eta antolatutako ekitaldi mordoxka batek herritarren estimua badutelako lehendik, berririk sortzen ibili beharrik gabe.
Jende asko biltzen den une bat biharko herri afaria izango da. Sagardo dastaketa atonduko dute lehenik, eta gero frontoian bertan afalduko dute gaintzarrek.
«Larunbateko herri bazkarian ere herritar dezente elkartuko da. Txirrindulari igoera, erromeriak eta igandeko mondeju eta ardo banaketa izango dira, bestetik, ekitaldi aipagarrienak», aurreratu du Garmendiak.
Gaintzan eta Aralarpeko herrietan ekoizten duten mondeju zuriaren denboraldia Sanmigeletan hasiko da, hain zuzen. Bertako tabernetan dastatzeko modua badago dagoeneko, eta festen bukaerako dastaketa probestu liteke, bestela.
Altueran kokatuta dauden herri txikietan bezala, Gaintzan ere eguraldiari begira daude, festetan jendea joango den ikusteko. «Eguraldiak lagundu behar du hemen. Ona bada, jendea etortzen da gora». Giroa, ekitaldiak, paraje ikusgarria eta aitzakia ez ditu inork faltako asteburuan.
Lazkao eta Ormaiztegi ere festarako prest
Udaberriaren erdian eta udazkena negurantz ondo aurreratua denean dituzte festa nagusiak Lazkaon eta Ormaiztegin, hurrenez hurren. Uda giroari zerbait kendu nahian, Sanmigelak goitik ospatuko dituzte bi herri horietan ere.
Lazkaon, igandea da egun handia. Puzgarriak lau lekutan jarriko dituzte, haurrentzat. Jubilatuen eguna ere bada. Gauean, berriz, herri afari jendetsua izango da, plazako pilotalekuan. Txartelak gaur 09:00etatik aurrera hartu behar dira, udaletxean. Agortu arte banatuko dituzte tokiak.
Bezperan, larunbatarekin, Jokin Lasa kantautore lazkaotarrak sorterrian kantaldia egingo du. Areria antzokian aurkeztuko du atera berri duen Zortziko txiki bat diskoa. Kaki Arkarazo lazkaotar musikariak lagunduko dio, gitarrarekin. Sarrera doan da.
Ormaiztegin larunbatean ipiniko dute festa. Mota askotako lehiaketak (mus, harrikalari, patata-tortilla…), eta mendi bizikleta zeharkaldia dituzte. Aurten 19. aldiz egingo dute txirrindu martxa, eta ibilbidea aldatu dute.
Helduek 27 kilometroko bidea egingo dute, Danborretik Liernira bide berdetik joan, Bernaolara baserriraino jarraitu, eta Mutiloako herrigunetik Murgiondo, Aizpeko labeak eta Larrosain igarota Aztiriara igoko dira. Urteaga baserritik jaitsita, bide berdetik itzuliko dira Ormaiztegira.
Haurrentzat 12 kilometroko bide bat prestatu dute. Heldu federatuek 5 euro ordaindu behar dute, federatu gabeek 10 euro. Gosaria emango diete bukaeran, eta materiala zotz egin. Kaskoa nahitaezkoa da.
EGITARAUAK
ALTZAGA
Bihar, ostirala, irailak 27
- 18:00. Patxin eta Potxin pailazoen ‘Oihan koloretsua’ saioa.
- 19:00. V. Patata-tortilla lehiaketa. Ondoren, afari-merienda, udalak jarritako txorizo eta piper frijituekin, eta sagardoarekin edo ardoarekin.
- 21:00. III. Frontenis txapelketaren finala.
- 11:00. Haur jolasak.
- 14:00. Herri bazkaria, frontoian. Gari eta Iñaki trikitilariak.
- 19:00. Toka txapelketa.
- 10:00-13:00 eta 16:00-18:00. Puzgarriak.
- 11:00. Meza.
- 18:00. Herri kirolak. Aizkoran, Iñaki Azurmendi eta Unai Otaño, Floren Nazabal eta Jon Irazuren aurka. Harri jasotzen, Aimar Irigoien.
- 19:30. Sagardo dastaketa. Zortzi sagardotegitako edariak.
- 17:30. Festen hasiera, suziriekin. Haur jolasak eta poteo herrikoia.
- 20:30. Sagardo dastaketa eta herri afaria, pilotalekuan.
- Ondoren. Herriko gazteen ‘play-back’ saioa.
- Gauean. Itsaso eta Irune Elizagoien trikitilariekin dantzaldia.
- 12:30. Pilota partida: Arkaitz Goikoetxea eta Igoin Intsausti, Joseba Matxain eta Egoitz Mendiaren aurka.
- 14:30. Herri bazkaria, Kale Txiki jatetxean.
- 16:00-18:00. Haur jolasak eta jokoak, Kulki taldearekin.
- 17:00. Toka txapelketa herrikoia.
- Ondoren. Irma eta Jokin trikitilariekin erromeria.
- 12:30. Meza.
- Ondoren. Jubilatuentzat hamaiketakoa, Kale Txikin.
- 12:00. 30. Txirrindulari igoera, Josu Albisu eta Amets Arteaga trikitilariek alaituta.
- 19:00. Mondeju eta ardo banaketa. Trikitilariak.
- 19:00. Sagardo dastaketa eta taloak, plazan.
- 22:30. Jokin Lasa abeslariaren Zortziko txiki bat diskoaren aurkezpeneko kantaldia, Kaki Arkarazok lagunduta, Arerian.
- 11:00-13:30 eta 16:30-19:00. Haurrentzako puzgarriak. Lazkao Txiki Zelaian, Areria aurrean, plazan eta Gurutzeko kirol pistan (euria bada kiroldegian).
- 12:00. Meza, jubilatuen alde, San Migel parrokian. Oin-Arin dantza taldeko dantzariak.
- 12:00. San Migel pilota txapelketako finalak, plazan.
- 14:00. Jubilatu elkarteko bazkideen bazkaria eta sariak.
- 19:00. Buruhandiak eta Antzar Gazteak txistulariak.
- 19:00. Orobione abesbatzaren kantaldia eta Igor Barrero musikariarekin dantzaldia, Orobione elkartean.
- 20:00. Drindots, plazan.
- 21:00. Herri afaria.
- Gauean. Drindots taldearekin dantzaldia, plazan.
- 10:00-14:00. San Migel ermita irekita. Pedro Zirauki legazpiarraren margolan erakusketa.
- 19:00. Ormaiztegiko V. Sasipilota txapelketaren binakako finala, Zubipe kiroldegian.
- 10:00. Mendi bizikleta proba, udaletxe aurretik abiatuta.
- 12:00. 22. San Migel toka txapelketa herrikoia, Muxika plazan.
- Ondoren. 18. Harrikalari txapelketa herrikoia, Berjaldegin.
- 16:00. 23. San Migel mus txapelketa, eliz atarian.
- 16:30. Haur jolasak, plazan. Ondoren, txokolate-jana.
- 17:45. VII. San Migel patata-tortilla lehiaketa, plazan.
- 20:15. Ardo eta sagardo kupelen irekiera, Muxika plazan.
- 21:00. Herri afaria, Muxikan.
- Gauean. Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kale animazioa.
- 19:30. Jaien hasiera, suziriekin eta kanpaiekin.
- Ondoren. Afaria: mondejua, gisatua eta ardi-txuletak.
- 22:30. 20. Mus lehiaketa.
- 12:00. Meza.
- Ondoren. Txistulariak; Xabier Zeberio eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak; Dani Oiarbide eta Peio Urdangarin trikitilariak.
- 14:00. Udalkideen bazkaria.
- 16:30. Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.
- Ondoren. Bertsolariak.
- Iluntzean. Afaria. Trikitilariak.
- 12:30. Herri kirolak. Aizkoran, Aitor Urteaga eta Joxe Ugarteburu, Arkaitz Jauregi eta Xabier Dorronsororen aurka. Harri jasotzen, Xabier Aranburu ‘Guzta’.
- 14:00. Herri bazkaria. Iban Urdangarin eta Aitor Sarriegi bertsolariak, Dani Oiarbide eta Peio Urdangarin trikitilariak.
- 17:00. 22. Toka lehiaketa.