Andreak, garapen sortzaileak
Emakumeek jabekuntza lortzeko bidean ale bat jarri nahian, Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Goierri garaiko Eraldatzen elkarteak eta Hitzez Euskal Herriko landa eremuko emakume elkarteak biltzar bat egingo dute urriaren 16tik 19ra Zumaian, Emakumeak Garapen sortzaileak proiektuaren barnean. Landa eremuko emakumeen lana izango da kongresuaren ardatzetako bat, eta bertan Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakume elkarteen ahotsak bilduko dituzte. Proiektuaren helburu nagusia, hala ere, ekonomiaren alorrean emakumeen eskubideak bermatuko dituzten ekintzak sustatzea da.
Biltzarraz gain, proiektuak beste bi ekintza batzen ditu. Lidergoa eta boterea aztergai izango dituzte Donostiako San Telmo museoan azaroaren 21erako eta 22rako antolatu dituzten jardunaldietan. Gobernuz kanpoko erakundeei eta emakume elkarteei begira, tokian tokiko ekintzak izango dituzte hizpide. Patricia Ponce Haurraldeko zuzendariak azaldu duenez, ikuspegi lokaletik nazioartera begira lan egingo dute: «Eremu globalera iristeko, esparru lokalean eragin dezaketen ekintzez arituko gara».
Horrez gain, Diruaren sexu ezkutua erakusketa ibiltaria azaroan abiatuko da Gipuzkoan barrena. Bertan ikusi ahalko dira uda partean Gipuzkoako hainbat herri bildu dituzten diru zorroak. «Diru zorro horiek emakumeen autonomia ekonomikoaren sinboloa dira», Poncek azaldu duenez. «Emakumeek autonomia hori denboran ehundu dute, eta diru zorroek hori ederki irudikatzen dutela uste dugu».
Erakusketaren osagarri, dokumental bat egiten ere ari dira, eta bertan agertzeko, belaunaldiz belaunaldi, landa eremuko emakumeen testigantzak jasotzen ari dira. Horrenbestez, amamen, amen, alaben eta biloben lekukotzak biltzen ari dira. Erakusketa Donostiako Emakumeen Etxean inauguratuko dute, azaroaren 22an.
Baserrietara begira
Proiektu horren osagai guztien helburua emakumeak ahalduntzea bada ere, hori elikatzeko memoria historikoari erreparatu nahi diote. Emakumea ekonomiaren zutabe gisa agertuko dute, eta, horretarako, emakume baserritarren adibidea ekarriko dute.
Ponceren esanetan, «landa eremuko emakumeak identitate berri baten ikurra dira, eta esan daiteke azken hamarkadan nolabaiteko estatusa erdietsi dutela». Landa turismoa adibide gisa jarrita, «baserriak ustiatzeko era berrietako bat» azaldu du Poncek.
Haurralde fundazioko zuzendaria, hala ere, landa eremuko belaunaldien artean segidarik egongo ez den beldur da: «Euskal Herrian oso zabalduta dago baserriko lana gogorra delako ideia. Horrek baserritarrekiko enpatia sortzen duen arren, gazte asko baserritik alde egiten ari dira. Katea eteten bada, kultura horren zati handi bat galduko dugu». Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Eraldatzen-ek eta Hitzez elkarteak landa eremuko kultura hori emakumeen zein gizarte osoaren ondaretzat dutenez, memoria historiko hori gordetzea da proiektuaren helburuetako bat.
Urrian egingo duten biltzarrean, ordea, ez diote soilik lehenengo sektoreari erreparatuko. Ekonomiaren ikuspegi zabalagoa landuko dute, eta ekonomiaren alorrean jabekuntza erdiesteko egin dena eta egiteke dagoena aztertuko dute. Gogoeta horretatik eragin politikoa izango duten ekintza kolektiboak bultzatu nahi dituzte.
Hegoaldeko emakumeak
Heziketari eta enpleguari esker aurrerapausoak eman direla onartu du Poncek, baina «ekonomiaren eta lanaren alorrean genero berdintasunik ez» dagoela ere badio. Oraindik ere, gehienetan, ordaindu gabeko lanak emakumeen eginkizun dira, hala nola etxeko lanak eta zaintza lanak. Ponceren ustetan, «emakumeek etxetik kanpo izan ditzaketen lan aukeretan eragin dezakete, baita bizitza publikoan eduki ditzaketen parte hartze espazioetan ere».
Ordaindu gabeko lanez gain, ordaindutakoak baina erregulatu gabekoak aipatu ditu Haurraldeko zuzendariak, eta ekonomiaren sektore horretan emakumeak «asko» direla dio, «are gehiago hegoaldeko herrialdeetan». Beste ñabardura bat ere gehitu du: «Krisi garaian emakume gehiago hasten da lanean, baina sarri lan baldintza kaskarrak izaten dira». Jabetzea ez dator enpleguaren eskutik soilik, «ikuspegi holistikoa behar da, arlo ekonomikoa, soziala eta politikoa batzen dituena».
Ikuspegi horren bila arituko dira Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakumeak Zumaian egingo duten biltzarrean.
Ideietatik harago, ekintzak ipini nahi dituzte mahai gainean. Are gehiago, ekintza horiek gerturako zein urrutirako baliagarriak izan daitezela nahi dute, hala euskaldunentzat nola Mozambike eta Boliviako emakumeentzat. Azken batean, lau elkarteek sareak sortu nahi dituzte elkarlanaren bidez, eta sare horien bidez emakumeek ekonomian izan duten tokia aldarrikatu eta ahalduntzearen bidea elkarrekin jorratu.